Ziortza-Bolibarko auzo batzarretan 50 herritar inguru elkartu dira
Ziortza-Bolibarko Udalak parte hartzearen balorazio ona egin du. Herritarren proposamenak jaso dituzte eta datorren urte hasieran aurkeztuko dute 2025eko aurrekontu proposamena.
Joan den asteburuan auzo batzarretan elkartu ziren ziortza-bolibartarrak. Guztira 50 herritar inguruk parte hartu dute Ziortza-Bolibarko Udalak auzoz auzo egin dituen batzarretan. Barikuan [azaroak 8] elizaldearen eta Goierriaren txanda izan zen, eta 24 auzotar inguru elkartu ziren; zapatuan [azaroak 9], Iruzubieta, Arta eta Zabale auzoen txanda izan zen, eta hamasei partaide egon ziren eta, domekan [azaroak 10], Zeinke-Ziarregin egin zuten batzarra, hamahiru partaidegaz. Udal ordezkariek adierazi dutenez, emakume gehiagok parte hartu dute batzarretan gizonezkoek baino; hala ere, parte hartzeari begiratuz “ona” izan dela baloratu dute.
Hala, iazko eskaera eta proiektuen berri emanaz hasi zuten batzarra, eta ostean, auzotarren eskaerak jaso zituzten: “Eskari berriak egon ziren. Azaldu genuen orokorrean aurrera eroan diren obrekin ez dela arazorik egon, eta atzeratu diren batzuk egon diren arren, 2025ean eroango ditugu aurrera”.
Aurten aurrera eroan dituzten lanen artean daude, esaterako, Zeinkeko saneamendua eta Zabaleko bidea hobetzeko lanak: “Zeinkeko saneamenduaren inpresio ona dute herritarrek, enpresak garbi eta txukun egin dituela lanak uste dute. Bestalde, Zabaleko bidea orain ari gara egiten, eta abendurako amaitzea espero dugu. Amaitu berri dugu Iruzubietako bolatokiko aterpearen obra ere”.
Bestalde, datorren urtean hainbat proiektugaz martxan ipintzea espero dute: “Bidea eman behar zaienekin ikusi egin behar dugu ze kostu duten. Ziarregiko eta Artako saneamendua egingo ditugu memoria egin eta aurrekontuetan sartu ostean. Elizaldeko ziburuaren inguruko kortxoa berriztu behar dugu, eta aterpea ere egin nahi diogu”.
Atzeratu direnen artean dago Elizaldeko gimnasioa egiteko proiektua: “Aurten memoria idatzi behar zen arren, atzeratu egin da. 2025ean memoria idatzi eta 2026an ejekutatzeko asmoa daukagu. Udaletik hori aurrera eroaten saiatuko gara”.
Bolintxuko energia komunitaterako proiektua ere, aurrera eroatea espero dute: “Hasieran laguntzetatik kanpo geratu ginen, eta orain badirudi laguntza jasoko dugula, ze, lehenengoak ginen laguntzarik barik geratu direnen zerrendan. Diputazioarekin negoziatzen ari gara; 115.000 euroko proiektua da”.
Herritarren iritziak. Herritarren hainbat proposamen jaso dituzte udal ordezkariek, eta denak ere, kontuan izango dituzte: “Besteak beste, bideetan mantenimendu lanak egiteko eskaera jaso dugu, eta baita itxita dagoen bideren bat zabaltzeko esakera ere. Aurretik hiru bide zabaldu ditugu, eta eztabaidaren bat egon den arren, guk bide publikoaren inbentarioaren arabera zabaltzen ditugu bide horiek, elkarbizitza orekatzen saiatuta”.
Hala, proposamen horiek baliatuko dituzte 2025eko aurrekontuak lantzeko: “Ziurrenik, urtarrilean aurkeztuko dugu proposamena. Lehendik dauden proiektuei jarraipena eman, eta erronka berriei erantzun nahi diegu. Zehatz azalduko ditugu hori bideratuko ditugunak. Aurtengo proiektuen balorazioa ere egingo dugu”.