Eskualdeko antzerkizaleek bertan behera utzi dute Lekeition taldea sortzeko egitasmoa
"Amets polita" izan den arren, agertu den jende kopuruaren ondorioz ez dute proiektua bideragarria ikusten.
Martitzenean [azaroak 12] elkartu ziren laugarrenez Lekeition antzerki taldea sortzeko asmoz dabiltzan eskualdeko herritarrak. Baina, gaur gaurkoz, gehiago bilduko ez direla adierazi dute: “Martitzeneko deialdira aurretik zeuden sei lagun bakarrik etorri zirenez, bertan behera geratu da ekintza. Horrekin amaitu da Lekeitio Lagunkoia taldeak herrian antzerki taldea sortzeko 2023ko irailean hasitako ahalegina”.
Izan ere, aktore modura ibiltzeko lau lagun soilik zituzten: bi lekeitiar eta Ereñoko eta Bedaroako bana. Horregatik “ezinezkoa” ikusi dute zuzendari bat finanatzatzea proiektua aurrera eroateko.
“Tristuraz” amaitu dute jarduna antzerkizaleek: “Martitzenekoa tristea izan zen, ze, laugarren dei publikoan ere, herritarrak ez dira agertu. Horrekin amaitu da antzerki taldea sortzeko egin dugun ahalegina. Eskerrak eman behar dizkiogu udalari, eman diguten sostenguagatik, eta Lagunkoi eta kafe tertuliako kideei, egin duten ahaleginarengatik. Bereziki eskertu nahi ditugu, baita ere, Bedaroako, Ereñoko eta Aulestiko herritarrei, proiektuan erakutsitako inplikazioarengatik”.
Egin duten ibilbidea laburra izan den arren, “polita” izan dela adierazi dute: “Ibilbide luze honetan jende desberdina ezagutzea eta belaunaldi desberdinetakoak nahastea eta ezagutzea polita izan da. Gure artean giro bikaina sortu denez, saminduta, baina, amaiera tertulia eder batekin eman diogu”.
Era berean, aurrerago norbaitek taldea sortzeko ahalegina egin nahiko balu, orain arteko deialdietan elkartu direnak prest agertu dira laguntzeko: “Amets polita izan da, ilusioa geneukan, eta proiektuan saiatu izanaren poza geratzen zaigu. Norbaitek lekukoa jasoko duen itxaropenean, besarkada handi bat denbora batez posible iruditu zitzaienentzat”.