Hemen Be Bai merkatari elkarteak 2.000 euro banatuko ditu tonbolako sarietan
Gaurtik [azaroak 15] azaroaren 30era egongo da martxan tonbola, aurretik txartelak amaitzen ez badira. 5, 10, 20 edo 50 euroko deskontuak eskuratzeko aukeraz gain, produktu edo zerbitzuak irabazteko aukera ere badago tonbolan.
Herriko establezimenduetan mugimendua sortzeko asmoz, Hemen Be Bai merkatari elkarteak tonbola ipini du martxan. Guztira 2.000 euro banatuko dituzte hainbat deskontu eta saritan banatuta. Hala, gaur [azaroak 15] hasi eta hilaren 30era arte edo txartelak agortu arte egongo da martxan tonbola.
Elkartearen parte diren 44 establezimenduetan erosketaren bat eginez gero, txarteltxo bat eskuratuko dute herritarrek, eta hura harraskatuta, sariak irabaziko dituzte. Bi sari desberdin egongo dira: deskontuak eta produktu edo zerbitzuak. Deskontuei dagokienez, 5, 10, 20 eta 50 euroko deskontuak eskainiko dituzte. Horiek, nahi izanez gero, egun berean erabili ahalko dira; abenduaren 15a izango da deskontuak erabiltzeko azken eguna.
Produktu edo zerbitzuei dagokienez, berriz, abenduaren 5ean jasoko dituzte sariak, Piztu Dendak ekitaldiaren baitan: “Hor tokatu daiteke denda bateko produktu bat, ile mozketa bat, aurpegi garbiketa bat… Sariak ez genuen deskontuak soilik izatea nahi. Honen bitartez, herriko zerbitzuak ere ezagutzera ematea da helburua”. Abenduaren 5ean 20:15ean elkartuko dira udaletxe aurrean, eta ostean, luntxa ere egongo da. Antolatzaileek azaldu dutenez, saria jasotzeko nahitaezkoa izango da ekitaldian egotea.
Egunero zabalduko dituzte euren sare sozialetatik zeintzuk izan dire aurreko eguneko saridunak. Asteburuetako irabazleak, aldiz, astelehenero argitaratuko dituzte. Herritarrei tonbolan parte hartu eta herriko komertzioak babesteko deia egin diete.