Unai Gabiola amorotarrak bigarren postua lortu du Poloniako kulturismo txapelketan
Gabiolak Kulturismo Naturalaren Munduko Federazioaren Gizonen Fisikoa txapelketan parte hartu du, beste 120 partaidegaz: "Esperientzia izugarri baliotsua izan da".
Joan den domekan [azaroak 10] Unai Gabiola Idoiagabeitia kulturista amorotarrak Kulturismo Naturalaren Munduko Federazioaren (WNBF) Gizonen Fisikoa txapelketan lehiatu zuen beste 120 partaideren aurka, eta bigarren postua lortuta itzuli da Poloniatik.
WNBF federazioa munduko kulturismo kulturaleko federaziorik handiena da, eta dopinaren aurkako proba zorrotzak gainditu behar izaten dituzte partaideek, atleta guztiek baldintza berdinetan lehiatzen dutela ziurtatzeko: poligrafoa, gernu analisia eta odol analisia.
Hala, hilabeteetako prestakuntzaren ostean, eta proba guztiak gaindituta, Gabiolak gogoz heldu zion erronkari: “Aurten Poloniara joatea erabaki dut, hilabeteetako entrenamendu eta prestakuntza intentsiboaren ondoren. Azken hiru hilabeteak bereziki gogorrak izan dira, baina esperientziak merezi izan du”. Bertara joateko aukera, duela hiru urte lortu zuen Gabiolak: “Duela hiru urte Espainiako Gizonen Fisikoa txapelketan parte hartu nuen. Junior maila irabazi nuen, eta laugarren postua lortu nuen Espainian. Horrek, Elite txartela eman zidan, WNBFko nazioarteko txapelketan lehiatzeko aukera ematen duena”.
Domekako txapelketan, lehen postuaren eta Pro txartelaren atarian geratu zen Gabiola. Hura lortzerik izan ez bazuen ere, “esperientzia izugarri baliotsua” izan dela azpmiarratu du, batez ere, Euskal Herriko bere hainbat lagun ere Polonian izan zirelako: “Hamazazpi lagun etorri ziren, eta euren animoak eta indarra ezinbestekoak izan dira. Denok batera irabazi dugula sentitzen dut, lehen postu hori lortu izan bagenu bezala. Eurek gabe, lorpen hori ez zen posible izango, eta oso eskertuta nago”.
Bigarren postua irabazita, “oso motibatuta” dago Gabiola lanean jarraitzeko: “Beste behin, harrituta geratu naiz kulturismo naturalean dagoen mailagaz, eta laguntza kimikorik gabe lortu daitekeenagaz. Oso motibatuta nago lanean jarraitzeko, hobetzen jarraitzeko eta nire helburu nagusia lortzeko: munduko txapelketara iristea”.