Lekeitioko eta Durangoko Denbora Bakuen harremana, sendotuta
Lekeitioko Denbora Bankuko kideek Durangora egin dute irteera. Bisita gidatua egiteaz gain, bi Denbora Bankuen artean asanblada egin zuten.
Lekeitioko eta Durangoko Denbora Bankuek joan den urriaren 20an hasi zuten elkartrukea, Durangoko kideak Lekeitiora joan zirenean. Zapatuan [azaroak 16], aldiz, lekeitiarrak izan ziren Durangora joan zirenak: 11 lekeitiar joan ziren Durangora, eta hangoekin elkartuta, 35 laguneko taldeak bisita gidatua egin zuen. Gozatzeko aukera ez ezik, harremanak sendotzeko aukera ere izan zuten bi denbora bankuek.
Kurutzesantu museoari buelta eman ostean, herribilduan egin zuten bi orduko bisita gidatua. Amaiera, ostera, elkartegian eman zieten, bi denbora bankuen arteko asanbladagaz: “Taldeen arteko harremanak sendotzeko eta bizipenak elkarbanatzeko, hainbat trukaketa mota elkarbanatu genituen. Talde ekintzak azaldu eta herri bietan dauden beldur eta erresistentzien inguruan ere aritu ginen, eskariak egiteko zelan gainditu pentsatuz”. Hala, elkarlanari hasiera emateko WhatsApp talde bat sortu dute bi taldeetako ordezkariekin: “Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute, eta beraz, baliteke bi denbora bankuen arteko harremana sendotu eta ekintza bateratuak antolatzea laster batean”.