Salgai daude Kontzezio Eguneko bertso jaialdirako sarrerak
Abenduaren 8an Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Josune Aramendi, Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal igoko dira oholtzara.
Gorriz markatutako eguna da bertsozaleentzat Markina-Xemeingo Kontzezio Eguneko bertso jaialdia. Beste behin ere, goraino beteko da Uni frontoia, punta-puntako bertsolariekin gozatzeko.
Hala, Amaiur Kultur Elkarteak hiru gizon eta hiru emakume elkartuko ditu oholtza gainean: Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Josune Aramendi, Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal. Gai jartzaile lanetan, aldiz, Amaia Agirre ariko da. 17:30ean hasiko da jaialdia, eta sarrerak salgai ipini dituzte Ateun harategian eta Tate gozotegian, 12 euroren truke. Egunean bertan ere, lehiatilan sarrerak erosteko aukera egongo da.