Balira irakurle taldea sortu dute Mutrikun
Irakurzaletasuna sustatzea da sortu berri duten Balira irakurle taldearen helburua. Azaroaren 29an izango dute lehenengo hitzordua, 19:00etan, Mutrikuko Gaztetxean.
Herriko gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin, eta literatura tresna politiko eta sozial gisa ulertuta, Balira irakurle taldea sortu dute Mutrikuko gazte batzuen artean. Iragan astean aurkeztu zituzten landuko dituzten liburuen proposamenak, eta bi hilabetean behin batuko dira Mutrikuko Gaztetxean, barikuetan, 19:00etan, liburuak «komentatu, hausnartu eta eztabaidatzeko».
Mutrikuko Gaztetxetik atera zen taldea sortzeko ideia. Literatur zaletasuna daukaten gazteak batu eta liburuen bueltan hausnartzeko eta eztabaidatzeko espazioa izatea da helburua: «hilabete hauetan Euskal Herriko zenbait herritan ere sortu dira irakurle taldeak, eta ideia hori hartuta ekin genion Mutrikun ere taldea osatzeari».
Lau liburu aukeratu dituzte ikasturte honetarako, eta lehenengo hitzordua, azaroaren 29an izango dute: «Literatura klasikoari bere lekua eman nahi genion, eta horregatik, garai eta leku desberdinetako literatura landuko dugu, hausnarketarako bidea irekiz, eta errealitate desberdinak erdigunean jarriz».
Sylvia Plath estatubatuar poeta eta eleberrigilearen Beirazko kanpaia lana izango da azaroaren 29an landuko dutena. Bigarren hitzordua urtarrilaren 31n izango dute, Maksim Gorki errusiar idazlearen Ama lanarekin. Hirugarrena, Nanni Balestriniren Los invisibles izango da, martxoaren 14an, eta azken hitzorduan, Euskal Herrira bueltatuko dira. Joseba Sarrionandiaren Ez gara geure baitakoak lana landuko dute, apirilaren 25ean: «Sylvia Plathen liburua Ameriketako Estatu Batuetako 60ko hamarkadan kokatzen da, Maksim Gorkirekin 1905eko Errusiara bidaiatuko dugu, Nanni Balestrinirekin Italiako garai konkretu batera joango gara, eta azkenik, Sarrionandiaren ipuin liburuarekin, euskal literaturaren bitartez, gure memoria historikoa landuko dugu; izan ere, bertan ageri diren ipuin gehienak erbestean idatzitakoak dira».
Ateak zabalik. Talde irekia dela azpimarratu dute: «Interesa duen oro da ongi etorria». Instagram kontua ere egin dute, eta bertatik emango dute antolatutakoaren berri: «Asmoa, bestelako ekintzak antolatzea ere bada, baina oraindik zehazteko dauzkagu».