Haur eta nerabeen kontrako sexu abusuen prebentziorako nazioarteko egunean, elkarretaratzea egin dute Ondarroan
Elkarretaratzea egin zuten atzo [azaroak 19] Ondarroako Alamedan, "haur eta nerabeen kontrako sexu abusurik ez!" lemapean.
Haur eta nerabeen kontrako sexu abusuen prebentziorako nazioarteko eguna izan zen atzo [azaroak 19], eta Alamedan batu ziren ondarrutarrak, “haur eta nerabeen kontrako sexu abusurik ez” lemapean. Honen harira, Ondarroako Udalak adierazpena plazaratu zuen, ikuspegi feministaren beharra nabarmenduz, “haur eta nerabeen kontrako sexu abusuei buruz hitz egiten dugunean, nahitaezkoa da ikuspegi feministaren beharra azpimarratzea”
Indarkeria “hobeto” ulertzeko, indarkeria matxista “osotasunean” kontuan hartu behar dela zehaztu du udalak, eta feminismoa beharrezko tresna dela azpimarratu du: “Feminismoa kontuan hartzen ez bada, ikuspegi politiko, sozial eta juridiko patriarkala gailentzen da”. Botere harremanetan jarri dute begirada, eta sexu abusuak, horretan oinarritzen direla adierazi du: “Sexu abusuak botere harremanetan oinarritzen dira, nagusi batek ume edo nerabe baten gainean daukan botere harremanean. Manipulazioa, umeen harreman afektiboen erabilera eta sekretua dira ardatzak”.
Save The Children Erakundeak plazaratutako datuen arabera, bost umetik batek sexu abusuak jasan ditu: “Gogorra egiten zaigu honi buruz hitz egitea, baita horretan pentsatze hutsa ere, baina guztiz beharrezkoa da azaleratzea. Komunikabideetan haur eta nerabeen kontrako sexu abusuak entzuten ditugunean, erasoa egin duena, beti familiaz kanpokoa izaten da, adibidez, entrenatzaileak, abadeak, irakasleak, eta abar. Hori errealitatearen zati txiki bat besterik ez da”. Zehaztu duenez ematen diren erasoen %80-85a familia barruan ematen diren sexu abusuak dira, eta horien “%15a azaleratzen da bakarrik”.
“Hau ez da etxe barruan konpondu behar den arazo bat, ez da arazo pribatua, gizarte arazoa baizik, beraz arazo politikoa da”, adierazi du Ondarroako Udalak. Horregatik, haur eta nerabeen aurkako sexu abusuen kontra lanean “gogor” jarraituko duela azpimarratu du, eta herritar guztiei jarrera aktiboa izan dezaten eskatu die.
Hori horrela, 2019an Legebiltzarrak gehiengo osoz onartutako haurren kontrako sexu abusuei buruzko ponentziaren gomendio eta eskaerekin bat egiten du Ondarroako Udalak, besteak beste, sexu heziketa eta hezkidetza “modu integral eta iraunkorrean txertatu beharra” dagoelako berretsi du. Horregatik, bide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du udalak: “Indarkeria matxistaren prebentzioan lanean jarraituko du, Udal Hezkidetza egitasmoaren bitartez”.
Horrez gain, haur eta nerabeen sexu abusuen detekzioa eta artatzea errazteko eta arintzeko asmoz, herriko ikastetxeetako HH, LH eta DBHko irakasle guztiei, gai honetan adituak diren profesionalen formakuntza espezializatuak eskaini die udalak, eta aurrerantzean, nerabe eta haurren kontrako indarkeria eta sexu abusuen inguruko hausnarketa eta honi aurre egiteko zerbitzuen moldaketa bultzatuko duela adierazi du. Gainera, sexu aholkularitza bulegoaren bitartez, sexualitatea “modu osasuntsuan” bizitzeko eta “tratu onetan” oinarritutako harremanak eraikitzeko tresnak eskainiko die udalak herritarrei eta herriko ikastetxeei.
Mutriku. Mutrikuko Udalak ere “gogor” salatu ditu haur eta nerabeen kontrako sexu abusuak, eta arazo politikoa dela azpimarratu du: “Mutrikuko Udalak haur eta nerabeen eskubideen defentsan lanean jarraitu behar dugu. Hau, gainontzeko eraso sexista, arrazista, LGTBIfobo, kapazitista bezala, ez da etxe barruko arazo pribatu bat, arazo politikoa da!”.