Udazkenaren xarma gordetzen duen jaia
Santa Katalina jaietako ospakizunak ate joka daude Gizaburuagan. Ume nahiz nagusien herri bazkariak edota barraskilo lasterketa egingo dituzte, besteak beste.
Udazkena bere bidea urrats irmoz egiten ari da. Egunak laburtu egin dira; eguraldia, hoztu. Edozelan ere, bada oraindik tarterik ospakizunerako, baita herrigintzarako eta epeletan biltzeko ere. Santa Katalina jaiak horren erakusle fidel dira. Lea-Artibain, Gizaburuagan ospatu ohi dituzte jaiok herritarrek, guztien neurrira prestaturiko egitarauagaz. Ohiturazko jarduera eta egitasmoek betetzen dute santakatalinetako egitaraua. Zentzu horretan, gastronomia eta ekimen ludikoak dira nagusi.
Gizaburuagarrek ere goi-goitik hartuko dituzte santakatalinak. Domeka honetan (azaroak 24), puntu morea elkarlanean marraztuko dute, aldarrirako tartea gordez; marrazki hori, hain zuzen, udaletxeko balkoian ipiniko dute ikusgai, azaroaren 25eko manifestua irakurtzeagaz batera. Horrez gain, haurren zein nagusien talde bazkari herrikoiak eta, batez ere, barraskilo lasterketa izango dira ospakizunaren gailur. Antolatzaileek herritarrei “barraskiloak bilatzen hasteko” deialdia luzatu diete, zeinena lehendabiziko postuan helmugaratuko.
DOMEKAKO EGITARAUA
10:30. Meza.
12:00. Puntu morea marraztea.
12:30. Barraskilo lasterketa.
13:30. Marraztutako puntu morea udaletxeko balkoia jartzeko ekitaldia, eta A25eko manifestuaren irakurraldia.
14:00. 14 urtetik beherakoen herri bazkaria.
15:00. Nagusien herri bazkaria.
Bazkalostean. Bingoa.
15:00-18:00. Umeentzako ludoteka.