Umeak utzi eta jasotzeko hiru gune prestatu ditu Markina-Xemeingo Udalak
Berakruz Ikastola, Bekobenta Eskola eta Musika Eskola inguruan ipini dituzte guneak, Muxu eta agur izenagaz. Minutu bateko geldialdiak egiteko guneak izango dira.
Markina-Xemeingo Udalak herriko hainbat gune prestatu ditu eskola inguruetan segurtasuna bermatu eta kotxearen erabilera murrizteko helburuagaz. “Ahal den neurrian, eskoletara oinez edo bestelako ibilgailu ez motordunetan joatea sustatu nahi dugu. Hala ere, autoa hartzea beharrezkoa den kasuetarako guneak prestatu ditugu”, azaldu dute.
Hain zuzen ere, Muxu eta agur izena ipini diete guneei. Izenak berak dioen bezala, umeak utzi edo jasotzeko soilik erabili ahalko dira gune horiek: “Gehienez minutu batez gelditzeko guneak dira; ez dira umearen zain egoteko lekuak”. Era berean, derrigorrezkoa ez denetan gidaria autotik ez jaisteko eskatu dute: “Atea zabaltzeko edota umeak segurtasunez lortzeko beharrezkoa duenean jaitsi ahalko dira gidariak”.
Muxu eta agur guneak hiru tokitan ipini dituzte: Berakruz Ikastolan (Abesua eta Agustin Deuna kaleetan), Bekobenta Eskolan (zebra bidearen inguruan) eta Musika Eskolan (Arretxinagako zubiaren alboan).