Etxeko energia kontsumoa ezagutzeko maleta eskuragarri, Mutrikun
Egitasmoa azaroaren 26ra [martitzena] arte egongo da martxan, eta herritarrek egun horretara arte izango dute maletatxoak jasotzeko eta azterketa egiteko aukera.
Azaroaren 12an eman zioten hasiera Kit Energia Argitu kanpainari Mutrikun, ‘Aurreztu dirua eta irabazi osasunean’ hitzaldiarekin. Kanpainaren helburua, tresna desberdinak erabiliz mutrikuar orok etxeko energia kontsumoa ezagutzeko aukera izatea da, eta behin ezagututa, kontsumoa murriztu eta dirua aurreztea. Honetarako, azaroaren 26ra [martitzena] arte edukiko dute aukera mutrikuarrek tresna horiek barnebiltzen dituen maletatxoa hartzeko.
Sei gailuz osatutako Kit-a da honakoa, eta tresna hauek erabiliz herritar orok etxeko energia kontsumoa neurtu dezake. Etxebizitzako bero galerak identifikatzeko gailua da tresnetako bat, eta bero galerak neurtzeko balio du: “Leihoetako eta ateetako bero galerak ezagutzeko eta isolamendu hobea behar duten eremuak identifikatzeko balio du gailu honek”. Termometroak eta higrometroak tenperatura eta hezetasuna neurtzen dituzte, kondentsazio arazoak identifikatzeko. Kit-aren barruan erradiadoreei airea kentzeko giltza ere badago, “berokuntza hobea izateko”. Horrez gain, entxufeetarako elektrizitate kontsumoaren neurgailua dago, “etxetresna gehienak elektrikoak dira eta kontsumo eredu ezberdinak dituzte. Alde batetik, etengabe piztuta dauden tresnak ditugu (hozkailua eta izozkailua, esaterako); bestetik, denbora jakin bateko zikloak dituzten gailuak daude (ile-lehorgailua, garbigailua edota ontzi gabigailua, besteak beste) eta azkenik, “stanby” kontsuoa dago, hau da, telebista itzalita egon arren, argi gorria piztuta izateak gilu hori kontsumitzen ari dela adierazten du”. Izan ere, neurgailu horrek, gehien kontsumitzen duten etxetresnak identifikatzeko balio du. Azkenik, hozkailuaren termometroa eta ur emaria neurtzeko kronometroa ere aurkitu daitezke maletatxoan; lehenengoak, hozkailuaren tenperatura zehatza eta doitzeko aukera ematen du, eta bigarrenak, txorrotako edo dutxako uraren emaria egokia den edo ez adierazten du.
Herritarrek eskura edukiko dute etxeko energia kontsumoa neurtzeko maletatxoa, eta eskuratzeko azkenengo eguna azaroaren 26a [martitzena] izango da, 10:00etatik 14:00etara turismo bulegoan, eta 17:00etatik 20:00etara liburutegian. “Behin neurketak eginda 3 egun izango dituzu maletatxoa bueltatzeko, horrela besteren batek ere, erabili ahal izango du eta”.