Finalaren atarian, irisgarritasuna hobetuta
MX 3T klubak, Markina-Xemeingo Udalak eta Arratzuko Barrutialde Institutuak elkarlana eroan dute aurrera: Barrutialdeko ikasleek pasarela bat egin dute Uhagon kulturguneko espaloiaren eta Lauzirika bolatokiaren artean.
Ilusioa aurpegian eta lan egiteko gogoa gorputzean. Hala heldu ziren astelehenan [azaroak 18] Arratzuko Barrutialde Institutuko zortzi ikasle Markina-Xemeinera. Kalitate handiko lana izan da Zeregin Ikaskuntzako Gelako (ZIG) ikasleek Uhagon kulturgunearen alboko zelaian ipini dutena: Kulturguneko espaloia eta Lauzirika bolatokia lotzen duten pasarela bat. Hala, dena prest dago zapatuan [azaroak 23] bertan jokatuko den Euskal Herriko 34. Hiru Txirlo Bola Txapelketako finalerako.
MX 3T klubaren, Markina-Xemeingo Udalaren eta Barrutialde Institutuaren arteko elkarlana izan da ikasleek aurrera eroan dutena. Espaloia eta bolatokia lotuko zituen bide baten beharra zegoela ikusi zuten 2019an herriko hiru txirloko klubeko kideek, eta arazo haren irtenbidea izan da pasarela: “2019an hiru txirloko txapelketa egin genuen hemen, eta sekulako basatza egin zen kulturgunetik bolatokira bitartean dagoen zelaian. Horregatik, eta irisgarritasuna hobetze aldera, bi aldeak lotuko zituen bide baten beharra zegoela ikusi genuen”.
Hala, Barrutialdekoek “pozik” hartu zuten hiru txirlokoen proposamena, eta azken hilabeteetan lanean aritu dira Lander Odiagaren gidaritzapean: “Udalak materiala erosi zuen, eta guk proiektua egin dugu. Zailtasunen bat duten ikasleak dira ZIG gelan daudenak, eta proiektu honetan pozik aritu dira lanean; harro daude egindako lanagaz. Klubarentzako, gainera, sekulako lana izan da egin dutena”. Guztira 25 metro inguruko bidea izan da egin dutena: “Hamahiru multzo egin ditugu, eta bakoitzak 20 egur xafla ditu. Aurreko urteetako arazoa konpondu nahi izan dugu, baina betirako finko egogo den pasarela bat egin barik. Horregatik, hamahiru multzo horiek behar direnean jaso, eta behar direnean ipini daitezke”.
Ezin pozago probatu zuten pasarela bai ikasleek, eta baita hiru txirloko ordezkariek ere. Probatu ez ezik, emaitzagaz pozik geratu dira hiru aldeak: “Oso ondo geratu da, eta oso pozik gaude emaitzagaz. Sekulako meritua du egin dutenak”. Ostean, hiru txirlon aritzeko aukera eduki zuten Barrutialdekoek, eta gustura aritu ziren jolasean. Gose apur bat eginda, eguerdia iristerako mokadutxoagaz eman zieten amaiera egunari.
Finalerako, dena prest. Pasarela ipinita, dena prest dago Lauzirika bolatokian etzi [azaroak 23] jokatuko den Euskal Herriko 34. Hiru Txirlo Bola Txapelketako finalerako. Gaur gaurkoz, Asola Berri, MX 3T eta Elgetako kluben artetik irten daiteke aurtengo irabazlea. Izan ere, Asola Berriko Ganix Rodrigez doa lehenengo postuan, 13 bola sartuta eta 24 txirlo botata. Bigarren postuan, aldiz, MX 3T taldeko Oier Azumendi dago, 11 bola sartuta eta 21 txirlo botata. Elgeta klubeko Asier Azkarate doa hirugarren, 11 bola sartuta eta 20 txirlo botata. Gogoz daude bolariak zapaturako, eta bertaratzeko deia egin diete herritarrei ere, izan ere, “azken jaurtialdira arte ezin da ezer ziurtatu“.