ROALeko langileek bizi duten "egoera jasanezina" salatzen jarraitzen dute
Greba mugagabea hasi zuten astelehenan [azaroak 18] ROAL enpresako langileek. Gaur [azaroak 21] Markina-Xemeingo Zelaian elkartu dira, euren eskubideak defendatzeko asmoz.
Borrokak aurrera darrai. ROALeko langileek greba mugagabea hasi zuten astelehenean [azaroak 18], Ondarroan egindako elkarretaratzean. Gaur [azaroak 21], ostera, Markina-Xemeinen elkartu dira. Enpresan bizi duten egoera salatzeagaz batera, 2024ko igoerak eta urriko soldata ordaintzeko exijitu dute: “Kalera atera gara nahikoa dela ozen adierazteko, gure lanpostuen defentsan”.
Izan ere, “lau urte gogor” daramatzate ROALeko langileek, eta azken hilabeteetan egoerak “okerrera” egin duela salatu dute, “jasanezina” bihurtu den arte: “Lau urte gogor igaro ditugu: ERTE bukaezinak egutegirik gabe, hitzarmen koelktiboko %7 igo gabe (hilean gutxi gorabehera 100 euro gutxiago)…”. Uda hasieratik, gainera, salatu dute “atzera-aurrera” erabili dituztela langileak ROAL enpresan: “Gaur lana dago eta ekin gelditu gabe, bihar ez da lanik egongo beraz ez etorri, etzi jardunaldi erdia egindakoan, bat-batean, etxera bidali. Eta etzidamu? Egongo da lanik? Zer gertatuko da gure lanpostuekin, gure soldatekin? Enpresa jabeei galdetu eta erantzunik ez”.
Uda euren lanpostuekin zer gertatuko zen ezjakintasunean igaro ostean, irailean abuztuko soldata ez zietela ordainduko jakinarazi zieten. Ordutik, amaigabeak izan dira langileek euren duintasunari eutsi eta enpresari euren eskubideak exijitzen pasa dituzten orduak: “Iraila guztia galdezka, eta enpresaren aldetik euren asmoen inguruko argipenik ez. Urria iritsi, eta azalpenik gabe, iraila ordaindu ez ziguten arte. Urrian ere, galdezka. Mobilizazioan antolatzen hasi ginen, eta enpresaren aldetik euren asmoen inguruko argipenik ez”.
“Kontua ez da soilik soldatena. Hemen kontua gure duintasuna eta etorkizuna dira”.
Azaroa heldu, eta “azalpen gehiagorik gabe” hirugarren hilabetez soldatarik jaso barik geratu dira langileak: “Egoera jasanezina bihurtu eta lanuzte eta grebak antolatu eta burutzen hasi garenean, orduan, derrepentean, soldatak ordaintzen hasi zaizkigu apurka”. Hala, azaroko lehen astean abuztuko soldata jaso zuten, eta aste honetan jaso dute irailekoa. Hala ere, oraindik urriko soldata eta 2024ko hitzarmenari dagozkion igoerak kobratu gabe dituzte.
“Duintasuna”, jokoan. Hilabete batzuk beranduago soldatak apurka-apurka jasotzen hasi diren arren, oraindik ez dakite aurrerantzean zer gertatuko den. Gaineratu dutenez, soldatena ez da arazo bakarra: “Hemen kontua gure duintasuna eta etorkizuna dira. Egoera larri honetan egunero lanera joan behar izatea jasanezina da: enpresa jabeen mespretxuak jasaten, inolako azalpenik jaso gabe, diru sarrerarik gabe eta gure lanpostuen etorkizuna zalantzan dela”.
“Ez diegu utziko gure bizitzekin jolasten, eta ez gara euren erabakien zain eskuak gurutzatuta geratuko”.
ROALi “bere-berea duen ardura” hartzeko eskaeragaz batera, Cikautxori ere ohar bat helarazteko eskatu diete. Izan ere, azpimarratu dute eurak dauden egoera berdinean egon daitezkeela edozein momentutan sektoreko beste enpresetako langileak: “Eskualdeko kimiketako enpresa gehienek Cikautxorentzat egiten dute lan, beraz, dagokion erantzukizuna har dezan exijitzen diogu Cikautxori, ROALi gure soldatak ordaindu eta gure lanpostuak berma ditzan exijitzen diogun beste”.
Gogor salatu dute enpresaren errentagarritasuna ezin dela “langileei lapurtuz” mantendu, eta borrokagaz aurrera jarraituko dutela jakinarazi dute, euren eskubideak defendatzeko asmoz: “Ez diegu utziko gure bizitzekin jolasten, eta ez gara euren erabakien zain eskuak gurutzatuta geratuko. Kalean egongo gara gurea dena defendatzen. Antolatuta eta borrokatuta, lortuko dugu”.