Zortzi herritarrek Santa Katalinako aterpea txukundu dute
Lekeitio Lagunkoiak deituta auzolana egin dute: aterpea garbitu eta margotu egin dute. Hurrengo auzolan ekintza toki berean izango da, abenduaren 11n.
Atzo [azaroak 20] goizean elkartu ziren Lekeitioko Lagunkoia taldekoak, Santa Katalinako auzolan ekintza aurrera eroateko. Lagunkoi taldeagaz batea, ohi bezala, Lekitto Bedarra taldeak lagundu du auzolanean.
Itsas argira joateko bide zaharrean dagoen Isabel II. Erreginaren bisitarako egindako etxea garbitu eta margotu dute auzolanean: “Lan txukuna egin dute bertaratutakoek. Hormak harraspatu ditugu, garbitu, eta pintura zuriagaz zirrikitu guztiak margotu ditugu. Teilatuan dauden untzeek konplikatu dute ekitaldia, eta nahiz eta teilatu hodiak garbi utzi, hurrengo baterako atzeko aldetik kentzeko gelditu gara, Maderas Eiguren ingurutik”.
Guztira zortzi izan dira auzolan ekintzan lanean aritu direnak, eta horietatik lau, Lagunkoi taldeko kideak. Auzolanagaz amaituta, amaiera “ezin hobea” eman zieten goizari hamaiketako batekin: “Bertara etorri eta txakolin ederragaz saritu gaitu Antonek, Pipas txakolindegikoak!”.
Hurrengo auzolan ekintza ere, toki berean egingo dute. Abenduaren 11n elkartuko dira, eta ordutegia aurrerago zehaztuko duten arren, goizean izango dela aurreratu dute. Atzoko ekintzan moduan, Lekeitioko Udalaren laguntza eta babesa ere jasoko dute.