Ganix Rodriguezek irabazi du Euskal Herriko 34. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa
Markina-Xemeingo Lauzirika bolatokiak hartu du gaur [azaroak 23] final handia. Herriko MX3T taldeko Joseba Espillak irabazi du azken jaurtialdia. Sari banaketa Uhagon kulturgunean osatu dute.
Euskal Herrikoa Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketarik garrantzitsuena da. Lea-Artibain tradizio eta jarraitzaile asko dituen kirola da. Horrenbestez, ez zegoen ia leku hoberik lehiaketako final handia hartzeko. Uhagon atzekaldeko Lauzirika Bolatokiak hartu du gaur [azaroak 23] final handia.
Gainera, finalaren atarian MX 3T klubaren, Markina-Xemeingo Udalaren eta Barrutialde Institutuaren arteko elkarlanari esker, bolatokiaren irisgarritasuna hobetu dute: pasarela bat egin dute Uhagon kulturguneko espaloia eta Lauzirika bolatokiaren artean. Beste arrazoi handi bat final handia hartzeko. Gainera, guztia erabakitzeke zegoen.
Asola Berri klubeko Ganix Rodriguez heldu da lehen postun finalera 13 bola sartuta eta 24 txirlo botata. Baina hurbil zituen MX3T taldeko Oier Azurmendi (11 bola sartuta eta 21 txirlo botata) eta Elgeta klubeko Asier Azkarate (11 bola sartuta eta 20 txirlo botata). Hau da, sei jardunaldiaren ostean, azkenengoan erabakiko zen txapelduna. Ezustekoetarako tarterik bazegoen ere, azkenean liderrak jantzi du txapela 27 txirlogaz. Mateo Goenaga izan da bigarren azkenean eta Azurmendi izan da hirugarren.
Gaurko jaurtialdia Markina-Xemeingo MX3T taldeko Joseba Espilla izan da, beraz, etxean geratu da garaikurra. Bigarren Joseba Lazkano (zortzi txirlo) izan da, hirugarren Ugaitz Zelaia (zortzi txirlo), laugarren Roman Arrizabalaga (zazpi txirlo), bosgarren Mirari Azkune (sei txirlo) seigarren Jabi Martino (sei txirlo). 70 bolarik eman dute izena Lauzirikako jaurtialdian.
Euskal Herriko 34. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketako gainontzeko sailkapenak:
- Benjaminak: Luken Martino (13 txirlo)
- Alebinak: Ander Unamuno (7 txirlo)
- Infantilak: Axel Sixto (8 txirlo)
- Jubenilak: Julen Uranga (14 txirlo)
- Taldeka: MX3T taldea (93 txirlo)
- Bikoteka: Alex Campos eta Ganox Rodriguez (41 txirlo)
- Nagusiak: Mateo Goenaga (22 txirlo)
- Gipuzkoako onena: Gorka Etxaniz (48 txirlo)
- Bizkaiko onena: Boni Plaza (62 txirlo)
- Arabako onena: Igor Ayastuy (15 txirlo)
- Emakumeak: Isana Gorosabel (17 txirlo)
Antolatzaileek Euskal Herriko 34. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketako balorazio “positiboa” egin dute. Batez ere, herritarren parte hartzea nabarmendu dute, Ziortza-Bolibarko Iruzubieta auzoko bolatokian 77 bolari aritu ziren, adibidez. Horrez gain, eskerrak eman nahi izan dizkiete laguntzaileei: Eibarko, Markina-Xemeingo, Elgoibar, Bergara, Aretxabaleta, Itziar, Aramaio eta Ziortza-Bolibarko Udalei eta Uhagoneko tabernari.