Boni Plazak irabazi du Euskal Herriko 34. Hiru Txirlo Txapelketako laugarren jardunaldia
Plaza markina-xemeindarrak zazpi txirlogaz lortu zuen zapatuan [azaroak 9] Ziortza-Bolibarren jokatutako laugarren jardunaldia bereganatzea. Finala azaroaren 23an izango da, Markina-Xemeinen.
Eskualdeko bolariek gogoz hartu zuten zapatuan [azaroak 9] Euskal Herriko Hiru Txirlo Txapelketako laugarren jardunaldia. Ziortza-Bolibarko Iruzubieta auzoko bolatokian 77 bolari aritu ziren nor baino nor gehiago, baina bakar batek lortu zuen garaipena: Boni Plaza markina-xemeindarrak, zazpi txirlogaz.
MX3T klubeko presidentea da Plaza, eta egindako lanaren fruitua izan da asteburuan jaso duena: “Bonik prestatu zuen bolatokia, eta normalean hori gertatzen ez den arren, berak irabazi zuen. Berak hartu du azken aldian inguruko bolatokiak prestatzeko ardura, Jabier Martinogaz batera. Boni MX3T taldeko presidentea da gaur egun, eta asko eskertzen dugu zuzendaritza zabala. Indartsu dabil, eta azkenean, egindako esfortzuaren fruituak jaso ditu”.
Plazaren atzetik geratu zen Ganix Rodrigez Asola Berri klubekoa, zazpi txirlogaz; sailkapen orokorrean bigarren postuari gogor eutsi zion zapatuan Rodrigezek, eta gaur egungo lehen sailkatuarengana, Oier Azumendirengana, apur bat gehiago gerturatzea lortu zuen. Izan ere, sailkapen orokorrean Azumendi ziortza-bolibartarra doa lehenengo postuan, bederatzi bola sartu eta hemeretzi txirlo botata; Rodrigezek, aldiz, hamar bola sartu, eta hemezortzi txirlo bota ditu guztira.
Laugarren jardunaldiko hirugarren postua ere, Asola Berri klubak irabazi zuen, Julen Urangak, hain zuzen ere (sei txirlo). Urangaren atzetik geratu ziren Asier Azkarate (sei txirlo), Mateo Guenaga (sei txirlo) eta Sergio Rodrigez (bost txirlo).
Hala, sailkapen orokorrean Azkaratek jarraitzen du hirugarren postuan, bederatzi bola sartuta eta hemezortzi txirlo botata. Bikoteka lehenengo postua mantentzea lortu dute MX3T klubeko Iker Arizmendiarrietak eta Oier Azumendik, 28 txirlogaz. Eurekin berdinduta doaz MX3T taldeko Jabier Martino eta Mateo Guenaga eta Asola Berri A taldeko Ganix Rodrigez eta Alex Campos ere.
Emakumeen sailkapenean ez da aldaketarik egon. U.D.A. taldeko Isana Gorosabelek jarraitzen du lehenengo postuan (laugarrena sailkapen orokorrean) zortzi bola eta hamabost txirlogaz, San Migel taldeko Aitziber Olaizolak bigarrenean (bost bola eta hamabi txirlo) eta Asola Berri taldeko Enara Montielek, hirugarrenean (sei bola eta hamar txirlo).
Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete Ziortza-Bolibarko Udalari, ipini duen aterpearengatik: “Ateri egin zuen arren, jendeak asko eskertu zuen. Hurrengorako ere hor edukiko dugu, eta eskertzen da”.
Finala, gertu. Bosgarren jardunaldia zapatuan [azaroak 16] jokatuko dute bolariek, 17:00etan, Aramaioko Untzillan, eta horren ostean helduko da final handia: azaroaren 23an, 12:00etan, Markina-Xemeinen jokatuko dute finala. Azken bi jardunaldietan sailkapenean aldaketa gutxi egon badira ere, oraindik dena dago jokoan: “Bi jaurtialdi geratzendira, baina, azken jaurtialdira arte ezin da ezer ziurtatu”.