Espainiako Txapelketatik urrats bakarrera
Eneko Sagarmendik Espainiako Txapelketaren final handia jokatuko du hilaren 30ean, txapelketako orain arteko partiduetan nagusi azaldu ostean.
Eneko Sagarmendi pilotari mutrikuarra pilota egokituko Espainiako Txapelketa eskuratzeko aukerekin da. Izan ere, iragan asteburuan finalera sailkatzea lortu zuen, Hodei Asteasu errenteriarrarekin bikotea osatuta. Bi partidutan garaipen bi lortuta lortu du azken txanpara igarotzea, Eibarko Astelena pilotalekuan.
Horietako lehendabizikoan Ibai Gomez errenteriarra eta Erik Gaton donostiarra eduki zituzten aurrez aurre Sagarmendik eta Asteasuk. Partidu estua jokatu ondoren, 15 eta 12ko markagailuarekin irabazi zuten lehenengo borroka. Bigarren partiduan, Mikel Vega errenteriarraren eta Jurdan Arakistain zestoarraren kontra neurtu behar izan zituzten indarrak, finalerdietara sailkatzeko borrokan. Norgehiagoka hartan, malgutasun handiagoarekin poltsikoratu zuten garaipena. Izan ere, 15 eta 6koagaz irabazi zuten. Erabateko konfiantzaz heldu zieten finalaurrekoei. Hain zuzen ere, Jon Alzugu errenteriarra eta Josu Arratibel ataundarra eduki zituzten aurkari finala orduko azkenengo geltoki hartan; sendotasun erakustaldia bistaratuz, hirugarren partidu hura ere irabazi zuten, berriro 15 eta 6koagaz.
Fisikoki “oso sendo” igarri zuen bere burua Sagarmendik. Mutrikuarra “pozik” agertu da, kantxan “tanto oso onak” egitea lortu baitzuen: “Adibidez, bi hormako zenbait tanto, eta pilotakada moztu batzuk ere bai”. Txokoan “gustora” nabaritu zuen bere burua Sagarmendik, eta kantxaren barruan bizitako sentsazioak “oso onak” izan zirela azpimarratu du.
Finala, zapatuan.
Orain arte sendotasuna eta fidagarritasuna erakutsita, Sagarmendik zapatuan jokatuko du final handia, Iruñeko Labrit frontoian. Aurkariei dagokienez, Sheila Cueto errenteriarra eta Iraitz Huegun donostiarra ariko dira beraien kontra.