35. Kalekan parte hartzeko deialdia abenduaren 11n itxiko dute
Sekzio Ofizialerako eta Scratch Sekziorako izen ematea zabaldu dute; edozein artista edo taldek eman dezakete izena. Jaialdia 2025ko uztailean ospatuko dute.
Kale arteen jaialdiak ireki ditu jada bere ateak, 2025ean parte hartu nahi dutenentzat. Hurrengo urtekoa Lekeitioko Kale Arteen jaialdiaren 35. edizioa izango da, eta Kalekako Sekzio Ofizialean eta Scratch sailean proposamenak aurkezteko epea zabaldu dute. Hala, proposamenok abenduaren 11ra arte aurkeztu ahalko dira; artista, konpainia nahiz kolektiboek aurkeztu ditzakete euren ikuskizunak.
Antolatzaileek bereziki nabarmendu nahi izan dute azken urteetan parte hartzaile kopuruak gora egin duela, “herrialde askotasko proposamenak jasoz”. Hori horrela, aurten ere bi zatitan banatu dute deialdia: “Sekzio Ofizialari dagokionez, espazio publikoa edo izaera bitxiko espazioak gaurkotasunean burututako sorrera-lanak aurkezten erabiltzen dituztenei bideratuta dago. Kaleka Scratch sekzioan, aldiz, garapen egoeran dauden proiektuak esperimentatu eta probatu nahi dutenentzat da”. Batera zein bestera, artista, kolektibo, elkarte profesional edota edozein autore mota aurkeztu daiteke.
Kalekaren web orrian dagoen galdetegia bete beharko da izena emateko; abenduaren 11 izango da azken eguna. Adierazi dutenez, balorazio eta hautaketa prozesua 2025ko urtarrilean egingo dute. Jaialdia, ostera, datorren urteko uztailean ospatuko da.