Ager Solabarrieta eta Maite Badiola, Espainiako txapeldun etzanda eta zutik
Ager Solabarrietak eta Maite Badiolak urrezko domina bana lortu dute, zutik eta etzanda, Espainiako Txapelketan. Azken urteotan domina biak aldi berean irabazi dituzten bakarra da tiratzaile eta laguntzaile ondarrutarrak.
Ager Solabarrietak eta Maite Badiolak Espainiako Txapelketan berriro bere maila erakutsi dute. Iragan astean Espainiako Tiro Egokituko Txapelketan parte hartu zuten tiratzaile eta laguntzaile ondarrutarrak eta bere goi maila plazaratu zuten, urrezko domina bi lortuz. Zutik eta etzanda aritu ziren, eta bi probetan garaipena eskuratu zut5en.
Txapelketa berezia izan zen iragan asteburuan lehiatu zutena. “Probak baino lehenago, entrenamendu ofizialak egin genituen estreinakoz, eta bertan jada igarri nuen sasoiko eta sendo nintzela”, azaldu du Solabarrietak. Zapatuan (azaroak 23), etzandako sailkapen proban, lehen postua lortu zuten, sailkapen probetako bere markarik onenetik bi puntutara. Finalean, aurkariekiko lau puntu inguruko aldeagaz gailendu ziren, botere handiz.
Hurrengo egunean (azaroak 24), zutik aritu ziren ondarrutarra. Sailkapen lehian, beren mailarik onena emateko “sufritu”egin zuten, baina malgutasunez nagusitu ziren. Finalean, “urduritasunez eta nekatuta” aritu ziren, aurreko entrenamenduen ondorioak igarrita. Edozelan ere, neke hori “parte hartzaileen artean orokortua” izan zen. Hori horrela, beren maila probestuta, azken tiroan erabaki zuten ondarrutarrek zutikakoa: “Hamarren bateko aldeagaz irabazi nuen”.
Garaipen aldeak handiagoak edo apalagoak izanik ere, Solabarrieta “pozik” agertu da lortutako emaitzekin eta erakutsitako mailagaz: “Azken urteetan, inor ez da gai izan proba biak ekitaldi berean irabazteko eta, horrenbestez, badira pozteko motiboak”. Abendu hasieran, Espainiako Txapelketan egongo da ondarrutarra, Granadan (Andaluzia): “Ez da kirol egokitua izango, baina geure ikuspuntua plazaratzeko eta geure modalitatea aintzatesteko balioko du, erakustaldi modura”.