Bertoko ekoizle eta artisauen erakusleiho izango da Aulesti
Aulestiko III. Gabon Azoka ospatuko dute zapatuan [abenduak 30], 10:00etatik 14:00etara.
Gabonak geroz eta hurbilago ditugun honetan, hirugarren Gabon Azoka antolatuko du Aulestiko Udalak zapatuan [azaroak 30]. Guztira, 16 artisau eta ekoizleen plaza bihurtuko da Aulestiko frontoia, eta kalitatezko produktuak herritarren eskura jartzea izango da antolatzaileen helburua: “artisau eta ekoizleek lantzen dituzten produktuen garrantzia aitortu eta herritarrengana hurbiltzea da helburua. Gabonetako kontsumoa kalitatezko produktuetara bideratu eta bertoko artisau eta ekoizleei bultzada emateko”.
10:00etan irekiko ditu ateak azokak eta 14:00 arte izango dute bertaratuek produktuak erosteko aukera. Bizkaiko eta Lea-Artibai eskualdeko artisauak izango dira gehienak, eta produktu ezberdinak erosteko aukera egongo da: “Hurbilekoen bila joan gara, inguruan ditugun artisau eta ekoizleen aldeko apustua egin nahi izan dugu. Gainera, aukera desberdinak eskaintzea izan da beste helburuetako bat, azoka askotarikoa izateko”. Aurten, zerrategira bideratuko dituzte animaliak, eta iaz baino gehiago egongo dira aipatu dute antolatzaileek.
Ateun, Labegur, Larruz, Jesus Martinez eztia, Orratz, Tinko, Magukaz, Alai, Kenika, AGTZ Artea soinean, Matxetenekua, Harrikoskor, Gereziarte, Maluke, Lauky eta Hariarteka izango dira eskaintza osatuko duten ekoizle eta artisauak.
Herriko elkarteak ere azokaren parte izango dira, eta jan edana eskainiko die azokara joandakoei. Gaztetxeko kideek taberna jarriko dute, eta Aulestiko eskolako ikasbidaiako ikasleak pintxoak eta salda edukiko dituzte, dirua biltzeko helburuagaz. Euskara taldekoak ere bertan egongo dira, AROA planaren baitan bete beharreko galdetegia herritarren eskura jarriz. Horrez gain, egunean zehar Aulestiko Ainhoa dendan bertoko produktuekin osatutako saskiaren zozketa egingo da. “Jan edana egongo da, esertzeko lekua ere bai… Erdu goiz ederra pasatzera!”.