Gaztaina erreak jan dituzte Markina-Xemeingo jubilatu eta umeek
Berakruz Ikastolako eta Bekobenta eskolako hainbat umek gaztaina erreak jan dituzte Beti Jai jubilatuen elkartekoen eskutik.
Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkarteak eta herriko ikastetxeek bat egin dute gaur [azaroak 29], gaztaina erreak jateko. Berakruz Ikastolako eta Bekobenta eskolako ikasleak Beti Jaiko kideekin elkartu dira, eta gaztaina arbolen nondik norakoak ezagutu dute goizagaz hasteko. Ostean, Zelai inguruan elkartu, eta denek elkarrekin gaztainak dastatzeko aukera eduki dute. Belaunaldiarteko harremanak sustatzen saiatzen da jubilatuen elkartea, eta urtean egiten dituzten hiru ekintzetako bat izan da gaurkoa [azaroak 29].