Mutrikuko dikea dagoen tokian "errematatzea eta amaitzea" erabaki du Eusko Jaurlaritzak
Gaur [azaroak 29] eman dute jakitera Mutrikuko udalbatzako hiru alderdiek.
Mutrikuko udalbatza osatzen duten hiru taldeek (EH Bildu, EAJ eta Berdeak-EQUO) gaur [azaroak 29] jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzak Mutrikuko dikea dagoen tokian “errematatu eta amaitzea” erabaki duela.
Udalak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzarekin harremanetan daude, eta euren erabakiaren berri izan dute: “Eusko Jaurlaritzaren erabakia eta norabidea honakoa da: egun dikea eraikita dagoen horraino errematatzea eta amaitzea, eta amaiera hori gauzatzeko beharrezkoa den danborra eraikitzea”. Era berean, Eusko Jaurlaritzak udalari jakitera eman dionez, “epe laburrean” obraren proiektu teknikoa esku artean izango dute, eta udalari ere obraren nondik norakoak epe laburrean ezagutaraziko dizkiote.