Eguraldi bezain giro ederra, Aulestiko Gabon Azokan
Helburuak bete ditu Aulestiko III. Gabon Azokak. Hain zuzen ere, artisau eta ekoizleek lantzen dituzten produktuen garrantzia aitortzea eta herritarrengana hurbiltzea eduki du helburu, eta lortu du.
10:00etatik 14:00ak aldera arte, eskaintza zabala egon da frontoian, eta animalien erakusketa ere arrakastatsua izan da. Ardiek, ahuntzek, astoek, zaldiek, behiek, idiek, antzarrek, oiloek, oilarrek, txakurrek… ikusmin handia sortu dute, batik bat umeen artean.
Gabonetako kontsumoa kalitatezko produktuetara bideratuz, bertoko artisau, abeltzain eta ekoizleei bultzada emateko azoka izan da. Hamasei salmahai ipini dituzte frontoian. Postuetako batean, herriko Urregarai Eskolako ikasleak ere egon dira, ikasketa bidairako dirua ateratzeko pintxoak eta salda saltzen, eta Gaztetxeko kideek ere taberna ipini dute frontoi barruan. Bestalde, Euskara taldekoak ekarpenak jasotzen aritu dira; AROA planaren baitako galdetegia betetzen ibili dira herritarrak, euran laguntzagaz.
Etxebarriatik joanda, Magukaz markaren atzean dagoen Mirari Azkune “mimoz egindako” artisau motxila eta karteratxoak saltzen ibili da. Lehenengoz egon da azokan. Urte eta erdi pasatxo darama proiektuagaz, eta bere berbetan, erakusleiho dira halako azokak: “Asteburuetan libre baldin bagaude, izena eman eta azoketara joaten gara. Ez gara honetatik bizi, eta Instagrametik ere saltzen dugu, baina gehiena azoketan”.
Azokak eskaintzen dien salmentetarako aukeraz gain, sortzaileen artean sortzen den giroa nabarmendu du: “Gure artean, artisauen artean giro ona sortzen da. Jende piloa ezagutzen gara, eskualdean ere piloa gaude, eta giro oso ona egoten da, asko gustatzen zaizkit halako azokak”.
Bedaronatik joan da Joseba Attard Euskal Ardi Moztaileen Elkarteko kidea, eta emaztea eta alaba ere alboan eduki ditu, euren lana erakusten. Artilea zelan lantzen duten eta horretarako erabiltzen dituzten tresnak zeintzuk diren ezagutu dute azokara bertaratu direnek. Frontoian erakutsi dute euren jarduna, eta zerrategiko animalien artean, Latxiñe ipini dute: “Kanpoan txirrista muntatu dugu, Latxiñe, munduko ardirik handiena da, eta Euskal Ardi Moztaileen Elkartearen lana bistaratzeko erabiltzen dugu”.
Abuztuan, ardi moztaileen nazioarteko txapelketetan lehiatzeko ofizialtasuna lortu zuten, eta taldea hautatzeko lanean hasi direla azaldu du. 2026an Zeelanda Berrian lehiatuko dute Munduko Txapelketa: “Datorren irailean Euskal Herriko Txapelketa antolatu gura dugu, segur aski Abadiñon izango da”.
Alai Uranga Berriatuan bizi den ondarrutarra ere lehenengoz egon da Aulestiko Gabon Azokan. Pandemia garaian murgildu zen sorkuntzan, eta azokaren bat edo beste zapaldu baditu ere, azoka askotan ez dela egoten aitortu du. Irakaslea da, eta bere zaletasuna erakutsi du Aulestin: hondartzan jasotako hondakinekin, kristalekin, egurrekin zein harriekin, koadroak egiten ditu, “ipuin bateko irudiak bailiran”. Artelan bereziak eta bitxiak dira bereak, azoketan ez baita ohikoa izaten halakoak ikustea: “Behin Interneten ikusi nuen ideia, eta hortik hasi nintzen, eta geldika-geldika niri irudiak sortzen joan naiz”. Bere lanak erakusteko eta erosteko aukera eskaintzeko Instagram kontua ere badauka: “Instagrametik enkarguak eduki izan ditut. Gaur hona etorri naiz, lau lagunek izena eman genuelako, baina bestela ez naiz azoketan asko ibiltzen; urtean hiruzpalautara joaten naiz”.
Artea koadroetan ez, baina arropetan islatzen du Elorrioko Agurtzane Ugaldeak. Kamisetetan eta kirol-jertseetan islatzen ditu margolanak. Saltzen duen arropa bakoitza koadro bat da. AGTZ Artea soinean da bere marka: “Arte grafiko tinta zanpaketa esanahia ere badu; teknika deskribatzen du”. 2015ean ekin zion bere proiektuari: “2000. urtetik daukat serigrafiako tailerra. Arte Ederrak ikasi nuen, eta 2015ean hasi nintzen nire lanak kamisetetan eta abarretan egiten. Jendeari piloa gustatzen zaizkio, batez ere artelan bakarrak izateak erakartzen die. Kamisetan koadroak ikustean, asko harritzen dira. 40-45 urte bitartekoek gehienbat kamisetak erosten dituzte, eta sudaderak, berriz, gaztetxoek, skate eta surf zaleak diren neska-mutikoek”. Azoketan sarritan egoten da, bere bizilekutik hurbilekoetan batik bat: “Normalean Durangaldetik ibiltzen naiz, baita Mutriku, Deba… Oso pozik ibiltzen naiz. Aulestira etorri naizen lehenengo urtea da, eta oso ondo dago”. Eixu Elkarteko kidea da, eta “azoka asko antolatzen” dituztela kontatu du.