Herriaren borroka eta garaipena ospatzeko egun handia
Ziortza-Bolibarko desanexioaren 20. urteurrena ospatzen ari dira gaur. Ziortza-Bolibarko komunitatearen parte izateaz "harro" daudela aldarrikatu dute.
Azaroaren 30a ziortza-bolibartarren historian data esanguratsuenetakoa da, historian iltzatuta geratu zaiena. 2004ko azaroaren 30ean, hainbat oztopo eta ukazioren ondoren, garaipena lortu zuten. Herritar guztien ametsa zena, egia bihurtzea lotu zuten: Bizkaiko Batzar Nagusietan, Ziortza-Bolibarko udalerria burujabe izateko Markina-Xemeindik banatzea onartu zen.
20. urteurren honetan badute zer ospatu, eta horretarako eguna dute gaurkoa. Bolibarko herria, txukun ta alaia. Zenbat denbora askatasun nahian. Herria izateko borrokatu zara. Zorionak Bolibar! 2004ko azaroaren 30ean kantu hori kantatuz harrotasunez joan ziren bolibartarrik etxera Gernika-Lumoko Batzarretxetik, eta berba horiekin hasi dute gaur eguerdiko ekitaldia ere. “Astegun buruzuri batean, autobus bete jende joan eta etorri ginen Gernikatik. Ordutik ez da egon herri osoari horrenbesteko poztasuna eman dion gertakaririk. Guztiok poztu ginen, bagenekielako herri osoarentza ona izango zela desanexioa lortzea”, gogoratu dute.
Hala ere, 20 urteotan dena ez da izan jaia eta ospakizuna; “zailtasun asko” gainditu behar izan dituzte herritar modura. Horietako batzuk Euskal Herria zapaldua delako jasaten dituztela adierazi dute. Apartheid egoeran lortu zuten desanexioa; herritarren zati handi bati erabakiguneetan parte hartzera ukatu zitzaien. Alabaina, horren aurrean, auzolanaren bidez, herritarrek muxutruk egindako lan eskergaren bidez heldu dira egungo egoerara: “udaletxea edukitzera eta bolibartarren komunitatea zaindu eta indartsuago egitera”.
Ziortza-Bolibarko komunitatearen parte izateaz harro daude, eta hori berretsi eta erakutsi dute gaur ere: “Batez ere, harrotasuna sentitzen dugu herrian era desinteresatuan egin den lan guztiarekin. Auzolanean musu-truk aritu den jendearekin; batzuk egun solteetan, eta beste batzuk euren bizitzaren zati handi bat komunitatearen zerbitzura ipinita. Gaur, hemen, jendearen lan militanteari leku bat egin nahi genioke; adierazi nahi genuke eurak barik ez genuela honelako ospakizunik izango”. Ildo beretik azpimarratu dute denek garrantzia handia eman behar diotela herriaren aldeko lanari zein komunitatearen al egiten den beharrari, bai herriko taldeetatik, bai beste eragile batzuetatik. Era berean, komunitatearen alde lanean ari diren herritarrak zaindu behar dituztela nabarmendu dute.
Herritar denen beharrak kontuan izango dituen herria egiten jarraitzeko mezua helarazi dute. Herri aktibo eta parte hartzaile bat. Euskalduna eta parekidea. Jendearen osasuna lehenetsiko duena. “Praktikan, era errealean komunitateko kideei aukera berdintasuna emango dien herri bat. Herriko umeak eta belaunaldi gazteak lehen lerroan jarriko dituena”. Bazterketa mota guztiak kenduta, kide orori komunitatean lekua egingo dion herria, baita desadostasunak entzuten jakingo duena ere”.
Andoni Lariz Ziortza-Bolibarko alkateak eta Junkal Bustindui alkateordeak hitza hartu dute ekitaldian, eta jarraian, aurreskua dantzatu eta talde argazkia atera dute. Jarraian, kopauan elkartu dira, eta kantuz kantu girotu eta berotu dute giroa.
Desanexio Egun biribila. Egun osoko egitaraua daukate gaur; goizean goizetik mendi martxan elkartu dira 40 bat herritar, eta horrez gain, euren borroka islatu duen erakusketa ipini dute Simon Bolivar Museoan. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoako Artxibo Orokorretik lortutako zenbait argazki zahar ere ikusteko aukera eduki dute museora bertaratutakoek. Besteak bestes, 1927ko abuztuaren 14an ateratako Simon Bolivarren monumentuaren inaugurazioko argazkia egon da; hain zuzen ere, egun berean frontoia eta Simon Bolivarren ereserkia ere inauguratu zituzten.
Arratsaldean, berriz, kontzertu “berezia” edukiko dute: 18:30ean Euskal Barrok Ensenble talde bilbotarrak Euskal Antiqua emanaldia eskainiko du, Enrique Solinis zuzendariaren gidaritzapean, elizan.
Argazkiak: Ziortza-Bolibarko Udala / HITZA: