Euskaraz bizitzeko aldarrikapen ugari egin dituzte eskualdean
Euskararen Nazioarteko Eguna bihar [abenduak 3] den arren, asteburuan hainbat ekintza egin dituzte eskualdeko hainbat herritan. Datozen egunetan ere, ospakizunek jarraitu egingo dute.
Asteburuan hasi dituzte jada Euskararen Nazioarteko Eguneko ekintzak eskualdean. Etxebarria, Lekeitio, Markina-Xemein eta Mendexa izan dira, hain zuzen ere, ospakizunekin hasten lehenak. Herri guztietan euskararen erabilera sustatu eta bultzatzeko beharra azpimarratu dute.
Lekeition Dzast Euskara Taldeak egun guztiko egitaraua antolatu zuen. Atzo [abenduak 1] Parkeko Guneko kideen eskutik umeek hasi zuten eguna: tailerretan jolasteko aukera eskaini zuten. Ostean, Winston Coppeland magoak hartu zuen lekukoa, eta “ume pila bat” egon ziren ikuskizunean.Â
Magia ikuskizunaren ostean, Gaizka eta Toki musikariek girotuta, AEKko ikasleek eurek sortutako olerki bat irakurri zuten. Ekitaldiagaz jarraitzeko, Dzasteko kideek euren irakurketa plazaratu zuten: euskararen egoerari erreparatu zieten irakurketagaz. Besteren artean, hainbat galdera egin zizkieten herritarrei, euren kontzientziak pizteko asmoz: “Nora garamatza honek? Zer litzateke Lekeitio euskararik gabe? Zeintzuk dira gure hizkuntza ohiturak? Badaukagu zer aldatu? Norekin egiten du aspaldion euskaraz?”.
Era berean, herriko egoerari erreparatuta, %85 euskaraz hitz egiteko gai den bitartean kaleko erabilera ez dela %70era heltzen adierazi zuten. Hala, horri aurre egiteko aldaketa euskaldunengadik hasi behar dela azpimarratu zuten: “Lekeitio orain baino euskaldunagoa izatea Lekeitioko euskaldunon esku dago. Erreferenteak gara umeentzako, kanpotik etorritakoentzatko eta baita gure inguruko lagun eta familiarentzako ere. Nire hizkuntza ohiturek nire inguruan uste baino eragin handiagoa dute, beraz, aldaketa gugandik hasi beharra dago. Prest nago horretarako nire hizkuntza ohiturak aztertu eta aldatzeko?”.
Azken galdera horri erantzuna eman zieten hainbat herritarrek. Izan ere, Dzasteko kideek udaletxeko balkoitik sare bat bota zuten, eta herritarrek bertan idatzi zituzten euskararen alde hartzeko prest dauden konpromisoak.
Markina-Xemeinen, ostera, herriko hainbat eragilek parte hartu zuten Euskararen Eguneko ospakizunetan, eta jende ugari elkartu zen Arkupe aurrean: “Jende aldetik oso ondo. Aulkiak ipini genituen eta denak bete ziren; inguruan ere, jendea zutik egon zen. Erantzuna oso ondo, plaza beteta egon zen-eta”. Irakurketa musikatua egin zuten herriko taldeek, eta besteak beste, AEK-ko irakasle eta ikasleek, Markina-Xemeingo Udalak, Uhagon kulturguneko langileek, Helduen Hezkuntzako ikasleek eta Ongi Etorri Errefuxatuak taldeko kideek parte hartu zuten. Gainera, Pablo Fdez. Arrieta, Enrike Arriaga eta Aitor Urriolauzokoa musikariek girotu zuten ekitaldia.
Anariren eta Karmele Jaioren hainbat poema irakurri zituzten. Ekitaldiagaz amaitzeko, antolatzaileek hainbat eskaera egin zizkieten herritarrei. Besteren artean, euskaraz hitz egiteko kontzientzia hartzeko eskatu zuten: “Elkartu, konplexu zahar-berriak gainetik kendu, eta taldean pentsatu eta ekin dezagun”. Horretarako, elkarlana behar-beharrezkoa dela azpimarratu zuten: “Elkarrenganako adeitasunez eta elkartasunez lan egin beahrra daukagu. Mingainak dantzan jartzeko premia daukagu. Erdal ohiturak aldatzeko egunero erabiliko duen jendea behar du euskarak”. Hala, Oskorriren Sautrela abestiagaz amaitu zuten ekimena.
Jende ugari. Etxebarrian eta Mendexan ere, ez ziren atzean geratu. Etxebarrian, esaterako, egun guztiko egitarauagaz gozatu zuten herritarrek. Egunari herriko umeek eman zieten hasiera, bertsotan. Jarraian, aurten estreinakoz antolatu duten I. Ipuin Laburren Lehiaketaren sari banaketa egin zuten; kultur aretoa goraino bete zen. Etxebarriko Udalak adierazi duenez, parte hartze “oso-ona” egon da lehiaketan: guztira 37 lan aurkeztu dituzte etxebarritarrek.Â
Bost sari banatu dituzte, LH1etik hasi eta 16 urtera bitarteko ume eta gazteen artean. LH 1 eta 2. mailakoen saria Lia Aierdi Etxabek irabazi zuen, Kaka misteriotsua lanagaz; LH 3 eta 4. mailakoen arteko onena, aldiz, Awa Kandaie Diatta Madurren Brakets lana izan zen; LH 5 eta 6. mailako lanik onena Itsaso Astorkia Arrizabalagak idatzi zuen, Ametsetako haserrealdia izenburuagaz; 12 eta 14 urte bitartekoen artean Irati Ugaldea Guenagaren Bideak lana izan zen onena, eta 15 eta 16 urte bitartekoen artean, aldiz, June Markiegi Lejardiren Ezezaguna ipuina.
Jarraian, Etxebarriko Hamaikakoaren aurkezpena egiteari ekin zioten, eta hura amaitu eta berehala, kantuan aritu ziren herritarrak. Ekitaldiagaz amaitzeko, kopaua eduki zuten kultur aretoan.
Mendexan, ostera, bi eguneko egitaraua eduki dute. Zapatuan [azaroak 30] bertso bazkarian elkartu ziren herritarrak, Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin: “Zoragarri aritu ziren bertsolariak, oso gustura egon ginen. Giro ederrean euskara ospatu eta aldarrikatu genuen”.
Atzo [abenduak 1], aldiz, Goialde jubilatuen elkartearen eskutik talo tailerra egon zen, eta horrez gain, baita zurez eginiko jolas tradizionalak ere: “Herriko trikitilariek alaitu zuten goiza, eta eguraldi ederra izan genuen lagun. Talo ederrak dastatzeko aukera eduki genuen, eta egurrezko jolasetan adin tarte oso desberdinetako herritarrek goiz ederra pasa zuten”.
Asteburuko ekintzez gain, datozen egunetan ere eskualdeko hainbat herritan ospatuko dute Euskararen Nazioarteko Eguna.
- Aulesti.Â
- Bihar [abenduak 3].
- 17:00etan, Lupe Lekuona ipuin kontalariaren emanaldia, liburutegian.
- Bihar [abenduak 3].
- Berriatua.Â
- Bihar [abenduak 3].
- 15:00. Etxean gozo txotxongilo antzerki emanaldia, bideo gelan.
- Ondoren. Txokolate bero janaldia, eskolan.
- 17:30-19:30. Eskulanak, txapak eta margolanak, eskolako jolastokian.
- Abenduak 15.
- 19:00. Manex Astigarragaren bakarrizketa, bideo gelan.
- Bihar [abenduak 3].
- Markina-Xemein.
- Bihar [abenduak 3].
- 12:00. Kalejira eta ekitaldia, udaletxe aurrean, Bekobenta eta Berakruz eskoletako ikasleekin.
- 16:00. AEK-k antolatuta gynkana jolasak, arkupe aurrean (euriagaz, Plazabarripean).
- Bihar [abenduak 3].
- Mutriku.
- Bihar [abenduak 3].
- 18:00. Mutrikuko Goitik Behera Tribial Lehiaketa, Zabiel Kultur Etxean.
- Bihar [abenduak 3].
- Ondarroa.
- Bihar [abenduak 3].
- 17:30. Euskararen aldeko danborrada, Zaldupetik hasita eta Itsasaurrera arte.
- Bihar [abenduak 3].
- Ziortza-Bolibar.
- Bihar [abenduak 3].
- 18:00. Elkarretaratzea, Ofizialtasuna EH osoan lelopean, plazan.
- Zapatua [abenduak 7].
- 19:00. Kadira taldearen emanaldia, udaletxean.
- Ondoren. III. Bertso Paper Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia.
- Bihar [abenduak 3].