Pasaiako hilketa matxista gaur salatuko dute eskualdeko hainbat herritan
Gaur [abenduak 2] arratsaldean elkarretaratzeak egingo dituzte. Zapatuan [azaroak 30] 53 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Pasaian, haren bikotekide ohia hiltzea egotzita.
Lea-Artibai eta Mutrikuko zenbait talde feminista eta udalek Pasaiako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte. Zehazki, Aulestin, Etxebarrian, Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan elkartuko dira.
- Aulesti. Gaur [abenduak 2], 19:00etan, elkarretaratzea, plazan.
- Etxebarria. Emare talde feministak deituta, gaur [abenduak 2], 19:00etan, udaletxe aurrean.
- Lekeitio. Lekittoko Mugimendu Feministak deituta, gaur [abenduak 2], 19:00etan, eskolapean.
- Markina-Xemein. Markina-Xemeingo Mugimendu Feministak deituta, gaur [abenduak 2], 20:00etan, Goikoportalean.
- Ondarroa. Etxelilak eta Ondarroako Udalak deituta, gaur [abenduak 2], 19:00etan, Alamedan.
Lea-Artibaiko Itaiak, ostera, atzo [abenduak 1] egin zuen elkarretaratzea, Ondarroan. Itaiako kideek egoera “jasaingaitza” dela salatu zuten: “Hau ez da kasu isolatu bat, 2024an Euskal Herrian gertatu den seigarren erailketa matxista izan da. Itaiatik, emakume langileon aurkako eraso guztien aurrean erantzun eraginkorrak hedatzen, horiek gauzatzen dituzten figurak seinalatzen eta emakumeok egoera horietatik askatzeko baliabideak garatzen jarraituko dugu. Indarkeria matxistari aurre egiteko antolatu gaitezen”. Munitibarren ere atzo elkartu ziren, 13:30ean, herriko plazan.
Zapatuan [azaroak 30] 45 urteko emakume bat hiltzea egotzita, 53 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Pasaian. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, arratsaldeko laurak aldera izan ziren gertakariak, Pasaiako etxebizitza batean; bikotekide ohiak ziren, eta suzko arma batekin tiro eginda hil zuen. Hilketaren ostean, autoz ihes egin zuen, eta Villabonako Udaltzaingoaren egitzara joan zen; bertan atxilotu zuen Ertzaintzak. Jakinarazi dutenez, ikerketa hasi dute hura argitzeko.