Urtarrilaren 3an egingo da Ondarrutar naturala lehiaketa
Ondarroako Udalak herriko eragileei parte hartzeko deia egin die, taldearen presentzia bermatu eta egiten duten lana "erakusteko".
Azken urteetako tradizioari jarraipena emanez, aurten, urtarrilaren 3an [barikua] jokatuko da Ondarrutar Naturala lehiaketa, Ondarroako Zaldupe kiroldegian. Tribial jokoan oinarritutako lehiaketa da honakoa, eta galdera erantzunak dira jokoaren mamia, baina horrez gain, bestelako proba batzuk ere egingo dituzte. Aurtengo edizio honetan Ondarroako Udalak herriko eragile eta taldeak gonbidatu ditu lehiaketara, hauek ere presentzia izan eta nolabaiteko parte hartzea sustatzeko: “Izan ere, taldeen lana azpimarratuta geratzea nahi dugu herritarren aurrean”.
Taldeen presentzia bermatzeko bi modu jarri ditu mahaigainean Ondarroako Udalak; udalari taldeari buruzko lauzpabost galdera proposatzea litzateke lehenengo modua, eta lehiaketako egunean, lehiakideek galdera horiek erantzun beharko dituzte. Galderak dagozkien erantzunarekin bidaltzeko eskatu du Ondarroako Udalak, herriak taldea “hobeto” ezagutzeko,Euskara saileko hurrengo helbidera: mrey@ondarroa.eus.
Lehiaketan zuzenean parte hartzea izango litzateke bigarren modua, taldekide edo lagunen batekin bikotea osatuz. “Polita litzateke oholtzan ikustea taldeetako ordezkariak; gainera, aukera bat da taldearen jarduera denen aurrean ikusgarriagoa egiteko”.
Bikotea osatzeko bi irizpide bete beharko dira; batetik, bietako bat adinez heldua izan beharko da (16 urte baino gehiago), eta gazteena, berriz, lehen hezkuntzako bosgarren mailan egon beharko da, gutxienez. Lehiaketan izena emateko epea zabalik dago interneteko esteka bidez.
Ondarroako Udalak lehiaketan parte hartzeko deia egin die herritarrei. “Animatu! Egun ederra pasatuko dugu eta, horren zalantzarik ez eduki! Zuen berri izatea espero dugu. Laster arte!”.