Hariz hari, euskararen sarea sendotuz
Kalejirak, musika, irakurketak eta emanaldiak ez dira falta izan gaur [abenduak 3], Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko.
“Hariak gara. Harilkatzen gabiltza herri bat, euskaratik eta euskaraz”. Hala irakurri dute aurtengo Euskararen Nazioarteko Eguneko mezua gaur [abenduak 3] eguerdian Markina-Xemeinen. Asteburuan han hemenka Euskararen Eguneko hamaika ekintza egon diren arren, gaur ere eguna goi-goitik ospatu dute eskualdeko hainbat herritan.Â
Markina-Xemeinen, egunero euskaraz aritzen direnak goraipatu dituzte, baina, euskarak denen beharra dutela azpimarratu dute: “Gaurko egunak bereziki kontzientzia hartzen laguntzen digu urte osoan euskararen alde eta euskaraz jarduteko. Denok behar gaitu euskarak, hemen jaiotakoak eta bertora bizitzera etorri direnak. Euskara eta kulturartekotasuna. Euskaraz bizi nahi dugu, baina, gainontzeko ama hizkuntzak ere ahaztu barik”.
Hala, horren adibide diren bi guraso arduratu dira aurtengo mezua irakurtzeaz. Euskaraz berbetan jarraitzeko mezu argia zabaldu dute Bekobentako eta Berakruzeko ikasleen aurrean, eta txalo zaparrada artean amaitu dute irakurketa. Jarraian, herriko ikasleek hartu dute hitza: Bekobentako eta Berakruzeko LH 5. eta 6. mailako hainbat ikasle taldek, bertsoak abestu dituzte. Behin betiko eta Euskal Herrian euskaraz abestuz, amaiera eman diote gaurko ekitaldiari.
Eskualdeko herrietako eskoletako bakoitzak bere ospakizuna eduki du, eta Lekeitioko Herri Eskolan, esaterako, bertsotan eman diete hasiera egunari. LH 6. mailakoen bertsoen ostean, euskaraokeari ekin diete; euskal musikaz girotutako hamaiketagoagaz amaitu dute goizeko jarduna. Arratsaldean, ostera, herri kirolak eta jolasak egon dira Lehen Hezkuntzako ikasleentzat.
Aulestin ipuin kontalaria, Berriatuan txotxongilo emanaldia eta eskulanak eta Ziortza-Bolibarren elkarretaratzea egin dituzte. Denak ere, ekimen jendetsuak izan dira. Ondarroan, ostera, euskararen aldeko danborrada egin dute arratsaldean. Hasierako ideia Zaldupetik Itsasaurrera arteko ibilbide egitea bazen ere, eguraldiagatik Zaldupeko jolastokian egin dute danborrada. Jolastokia bete dute danbor-joleek, ume zein nagusiek, eta Euskararen Nazioarteko Eguna kolorez bete dute, Behin betiko, edo Urepeletik Bilbora bezalako abestiekin.Â