Prest daude Bekobenta eskolako espazio berriak
Markina-Xemeingo Udalak 558.660 euroko inbertsioa egin du, eta adierazi dutenez, emaitzarekin "pozik" daude. Gela berriak urtarrilean estreinatuko dituzte.
Joan den ekainean hasi zituen Markina-Xemeingo Udalak Bekobenta Eskola Publikoko lanak, eta amaiera eman berri diete. Azaroa amaitzeagaz batera jakinarazi dute eskola publikoko espazio berriak prest daudela familiek erabili ahal dezaten. Udalaren eta eskolaren arteko elkarlanari esker egin dituzte lanok, eta adierazi dutenez, emaitzarekin “pozik” daude.
Udalak 558.660 euroko inbertsioa egin du lanok aurrera eroateko. Lanketa, ostera, eskolako eragileekin batera egin dute: “Espazioen berrantolaketa berri bat diseinatu eta espazio berriak eraiki dira. Guraso Elkarteak, bere aldetik, gela berria janzteko material eta altzarientzako ekarpen ekonomikoa egin du”.
Alde batetik, bi urteko umeentzako gela berria egin dute, eraikin nagusiko beheko solairuan. Hori horrela, haurreskolara igotzeko erabiltzen den arrapala bera erabiliko dute bi urteko umeek ere. Gaineratu dutenez, arrapala azpian dagoen aterpean laga ahalko dituzte familiek umeen kotxeak.
Bi urtekoen gela eraikin nagusian egongo denez, eraikin txikia osorik haurreskolak erabili ahalko du, “espazio zabal, egoki eta irisgarriekin”. Hala, Gabonetako oporraldian kenduko ditu udalak kanpoko barrakoiak.
Bai bi urtekoen gela eta baita haurreskolako espazio berriak ere, urtarrilean estreinatuko dituzte; Gabonetako oporraldia erabiliko dute gelan atontze lanak eta auzolana egiteko. Gaineratu dutenez, espazio berri horietarako umeen egokitze-prozesuan ere arreta berezia ipiniko dute.
Elkarlana, oinarri. Lanak amaituta, eskolako familia nahiz ikasleak espazioak auzolanean atontzen ari dira. 6. mailako ikasleek, esaterako, biltegia eta materialak txukuntzen lagundu dute, Komunitateko Proiektuaren barruan; hori esker, adin desberdinen arteko elkarlana sustatu dute eskolan.
Familiei dagokienez, ostera, alde batetik bi urteko gela berrirako materiala eskatu diete: “Familiei elkarlana eskatu diegu, etxeetako materialekin umeei bizipen zoragarriak eskaintzeko aukera emateko, espazio ederra sortuz. Zenbait objektuen zerrenda banatu diegu familiei, eta elkarlanean atonduko dute gela”. Era berean, auzolana ere egingo dute: “Auzolanean hainbat altzari sortu dira umeek esperimentatu, esploratu eta manipulatu ditzaten”. Bekobentako zuzendaritza taldeak bereziki azpimarratu nahi izan du familien eta eskolaren arteko lana: “Elkarlan ederra izan da, benetan eskertzekoa”.
Espazio berriekin Mugimendu Autonomorantz eraldaketa metodologikoan aurrerapausu bat eman nahi izan du Bekobenta herri eskolak: “Horrela, aurrera doa denok batera eraikitako geure eskola”. Adierazi dutenez, metodologia berriei erantzuna emateko konpromisoa hartu dute alderdi denek: “Azken urteetan Bekobenta herri eskolako matrikulazioek gora egin dute etengabe. Metodologia berriek gelen antolaketan izan ditzaten beharrei zein espazio beharrei erantzuteko elkarlanean segitzeko konpromisoa hartu dute alderdi guztiek, bai udalak, haurreskolak eta hezkuntza zentro biek”.