Bigarren eskuko azokaren balorazio “positiboa” egin dute
Joan den domekan [abenduak 1] 11:00etatik 15:00etara eskolako patioan elkartu dira.
Bigarren eskuko eta bertoko ekoizleen eta artisauen azoka antolatu zuen Zaprain guraso elkarteak joan den domekan [abenduak 1], Lekeitioko eskolako patioan. Bertaratu ziren guztiek 11:00etatik 15:00etara jarri zituzten 46 postuetaz gozatzeko aukera izan zuen. Gehien bat bigarren eskuko postuak jarri bazituzten ere, 24, eskualdeko eta inguruko ekoizle eta artisauek ere haien tokia izan zuten.
Hain zuzen ere, egonkortzen doan azoka da, hirugarren urtea da antolatzen dutena. “Gabonak baino lehen data egokia dela uste dugu, horrela herritarrek dagoeneko erabiltzen ez dituzten arropak, tresnak edota jolasak ekartzeko aukera dute eta beste zerbaitengatik aldatu”, esan dute. Gainera, eguraldia lagun izan zuten eta asko izan ziren bertaratu ziren herritarrak. Antolatzaileek balorazio “positiboa” egin dute eta sortutako giroa nabarmendu dute.
Postuez gain, txosna jarri zuten, hau da, ez zen jan-edanik falta izan. Horrez gain, musika jartzeko arduradunak Musikaia musika eskolako trikitilari, pandero jotzaile eta txistulariak izan ziren. Ohi bezala, bertan izan ziren herriko bolillo taldea eta eskolako ikasleak telazko poltsak saltzen. Egin apustu! jokoa ere egin zuten, harri altxatu beharra zegoen eta bere pisua asmatu ekoizleen produktuez osatutako otzara bat irabazteko.