Hemen Be Bai elkarteak 100 eurotik gorako lau erosketa txeke zozkatuko ditu
Gabonetako zozketa egingo dute abenduaren 30ean. Ordura arte elkartearen parte diren komertzioetan kontsumitzen dutenei zenbaki bat emango diete. 500 euroko, 250 euroko, 150 euroko eta 100 euroko txeke bana zozkatuko dituzte.
Gabonen atarian, Markina-Xemeingo Hemen Be Bai elkarteko ekimenek ez dute etenik. Bihar [abenduak 5] 20:15ean banatuko dituzte tonbolako sariak, Piztu Dendak ekitaldiagaz batera, eta, hari amaiera emateagaz batera ipini dute martxan hurrengo zozketa ere.
Oraingoan, lau sari banatuko dituzte, eta denak ere, erosketa txekeak izango dira: 500 euroko txekea, 250 eurokoa, 150 eurokoa eta 100 eurokoa banatuko dituzte. Elkartearen parte diren 44 establezimenduetako batean erosketa eginez gero, zozketan parte hartzeko zenbaki bat emango dute; zenbakiak agortu arte eskuratzeko aukera egongo da.
Saridunak urte amaieran jakinaraziko dituzte, abenduaren 30ean, 15:00etan, hain zuen ere. Horren berri, sare sozialetan eta elkartekideen komertzioetan emango dute, urtarrilaren 5era arte. Izan ere, urtarrilaren 5ean bertso poteoa egingo dute, eta egun eta ordu horretan jaso beharko dute irabazleek eurek txekea, Kintal tabernan; saria jasotzeko ezinbestekoa izango da bertso poteora agertzea (bai irabazleak eta baita ordezkoak ere), bestela, saririk barik geratuko da. Sariak erabiltzeko, ostera, aste beteko epea izango dute: urtarrilaren 7tik 14ra.
Herrian kontsumitzea, helburu. Hemen Be Bai elkarteko kideek helburu argi batekin antolatu dute kanpaina hau ere: “Gabon garaian ere, herrian kontsumitzera bultzatu nahi ditugu herritarrak, bertatik bertara erosiz”. Hori horrela, zozketan parte hartzea animatu diete herritarrei: “Herriak bizirik jarraitzea nahi badugu, bertan kontsumitzea ezinbestekoa da. Gainera, sari potoloak daude jokoan, merezi du parte hartzea”.