Otsailaren 8an ospatuko da Markina-Xemeingo Landare Azoka
Postua ipini nahi dutenek izena eman beharko dute abenduaren 13a baino lehen.
Otsaila heltzeko oraindik hilabete batzuk falta diren arren, Markina-Xemeingo landare azokak jada badu data: otsailaren 8an ospatuko dute hurrengoa. 10:00etatik 14:00etara herriko kaleak landare, lore eta mota guztietako zuhaixkaz beteko dira, erosi edo ikusi nahi dutenentzako. Gainera, bestelako produktuak ere ipiniko dituzte postuetan; guztira, 20 postutik gora ipiniko dituzte.
Postuak ipintzeko eskaera egin behar da, eta horretarako azken eguna abenduaren 13a izango da. Eskaera orria betetzeaz gain, bakoitzak bere dokumentazioa aurkeztu beharko du Lea-Artibaiko Landa Garapena Elkartearen bulegoan (Xemein etorbidea 12 A, Markina-Xemein) edo landagarapena@leartibaifundazioa.eus helbide elektronikora idatziz.
Landara azoka denez geroztik, landare mintegi edo haztegiek izango dute lehentasuna postuak esleitzerako orduan. Hala ere, bestelako postuek ere edukiko dute euren tokia. Oinarrietan adierazi dituzten irizpideen araberako balorazioa egingo dute, eta honela banatuko dituzte ekoizleen postuak: esnekientzako bost postu, ortuarientzako bi, ogi eta gozogintzarako, haragikinetarako eta kontserbetarako hiruna, eta bana, berriz, ahateki, ezti, arrautza eta edarientzat.
Beste hainbat irizpideren artean, emakumeen presentzia bermatzeko asmoz, emakume baserritarra izatea edo titularra emakumezkoa izatea ere kontuan hartuko dute. Horrez gain, nork bere etxaldean sortutako lehengaiak erabiltzeak eta kalitateko marka babestua izatea ere baloratuko dituzte. Gainera, kutsadura ekidin eta jasangarritasuna bultzatzeko asmoz, ingurumenarekiko jasangarritasun irizpideek ere garrantzia edukiko dute postua esleitzerako orduan.
Informazio gehiago, eskaera orriak eta oinarriak Markina-Xemeingo Udalaren web orrian (www.markina-xemein.eus) argitaratu dituzte.