Bigarren bizitza bat ematearen ardura
Debabarrenako Mankomunitateak BIRZIKLATU kanpaina informatiboa abiarazi du, ontzi arinen bilketa erdigunean jarri, eta herritarren kontzientziak pizteko helburuarekin.
Kale inkesta bat eginez gero, herritarren ehuneko handi batek birziklatzen duela ondorioztatuko litzateke. Datuek, ordea, ez dute gauza bera islatzen. Honen harira, kontzientziak piztu eta informazioa herritarren eskura jartzeko helburuarekin, BIRZIKLATU kanpaina informatiboa martxan jarri berri du Debabarrenako Mankomunitateak, Ecoembesekin elkarlanean.
Ontzi arinen bilketan jarriko dute arreta abiarazi berri duten kanpaina honetan; izan ere, bilketari dagokionean, Debabarrenako datuak “kezkagarriak” direla adierazi du Igor Aldalur Mankomunitateko ingurumen teknikariak: “Ontzi arinei dagokionez, eskualdean, 19 kilo biztanleko jasotzen ditugu urtean, eta datu horiek, Gipuzkoarekin edo Euskal Autonomia Erkidegoarekin alderatuz, oso baxuak dira”.
Urtean zehar errefusaren edukiontziaren karakterizazioak egiten ditu mankomunitateak, eremu publikoan zein pribatuan, eta karakterizazio horietan ikusi izan dute errefusaren edukiontzian, edukiontzi horian egon beharreko hondakinak daudela: “Herritarrek, edukiontzi horia plastikoaren edukiontzitzat daukate, eta hortik dator arazoa. Plastikoaren edukiontzi gisa etiketatuz, zalantzak sortu ditzake, eta orduan, jendeak, errefusera botatzen du plastikotzat ez daukan guztia. Hori da, behintzat, guk egiten dugun hausnarketa”. Kanpaina bera ere hortik abiatzen dela adierazi du ingurumen teknikariak, eta horregatik, oinarrizko birziklapenean jarriko dute begirada, modu sinplean bezain erabilgarrian; irudi bat, eta lelo bat: Birziklatu.
Ontzi arinei dagokionez, eskualdean, 19 kilo biztanleko jasotzen ditugu urtean, eta datu horiek, Gipuzkoarekin edo Euskal Autonomia Erkidegoarekin alderatuz, oso baxuak dira
Latak, plastikozko botilak eta tetrabrikak. Hiru hondakin horiek izango dira kanpainaren oinarri, horiek baitira edukiontzi horira bota beharrekoak: “Egin ditugun karakterizazioetan, errefusaren edukiontzian 10-13 aluminiozko lata jaso ditugu. Jendearen hausnarketa hurrengoa da; aluminioa ez denez plastikoa, ezin daiteke plastikoaren edukiontzira bota. Oinarrizko akatsak dira hauek, eta horregatik bideratuko dugu ildo horretatik aurtengo kanpaina”.
Urtean 30.000 tona zabor sortzen dituzte Debabarrenako eskualdean, 425 kilo pertsonako, gutxi gorabehera. 30.000 tona horietatik 16.000 dira gaika jasotzen dituztenak, gainontzeko 14.000 tonak, berriz, errefusa bezala biltzen dituzte. “Errefusa bezala jasotzen ari garen guztia Zubietako erraustegira doa. Hau da, edukiontzi grisera botatzen dugunaren %95 erre egiten da. Beraz, latak, papera, kartoia… denetik ari gara erretzen. Ondoko edukiontzira botaz gero, birziklatuko litzatekeen materiala erraustegira bideratzen ari gara, eta beraz, ingurumenari, sekulako kaltea egiten gabiltza”.
Horrez gain, auzi ekonomikoa ere erdigunean jarri nahi izan dute. Hain zuzen ere, errefusean utzi beharrean, ontzi arinak, papera eta kartoia eta beira modu egokian birziklatuz gero, Debabarrenako Mankomunitateak 189,13 euro aurreztuko lituzke tonako. Datuak banatuta, herri bakoitzak hurrengo kantitate hau aurreztuko luke: Debak 159.636,000 euro, Ermuak 461.967,15 euro, Mendarok 58.020,19 euro, Eibarrek 804.119,52 euro, Soraluzek 114.226,34 euro, Mutrikuk 154.603,48 euro, Mallabiak 34.291,31 euro eta Elgoibarrek 335.101 euro. “Pentsatzen dugu edukiontziek osatzen duten isla gehienak ondo osatuta daudela. Hau da, gaur egun, edukiontzi guztiak elkarren ondoan daude, beraz, ez da horren zaila bakoitza dagokion lekura botatzea, eta gainera, herritarrei erraztasun guztiak eskura jartzen dizkiegula uste dugu. Honen aurrean, ez birziklatzea bi arrazoitan oinarritzen dela pentsatzen dugu; alde batetik, ez ezagutzari dagokiona, eta bestetik, interes falta”. Etxeko hondakinak sailkatzea “ez dela zaila” helarazi nahi die mankomunitateak herritarrei, eta nola ez, denen esku dagoela.
Errefusa bezala jasotzen ari garen guztia Zubietako erraustegira doa. Hau da, edukiontzi grisera botatzen dugunaren %95 erre egiten da
Zurrumurruak zurrumurru. Aldalurren arabera, guzti honek lotura estua dauka kalean, herritarren artean, zabaldutako zurrumurruekin: “Zabaldutako eta ohikoak diren zurrumurruek kalte handia egiten diote gaikako bilketari. Sarritan entzuten dugu alferreko lana dela etxean zaborra banatzea, gero, leku berdinera badoa dena, edo etxeko sukaldea txikiegia dela gaikako banaketa egiteko. Zurrumurru hauen aurrean, zurrumurruak zurrumurru direla da guk adierazi nahi dugun mezua, eta gezur horiei jaramonik ez egiteko. Hondakin bakoitza bere lekura doa, eta ondo birziklatuz gero, materiala berreskuratu genezake”.
Bi ahoak. Herritarren sentsibilizazioa lortzeko bidean, Debabarrenako Mankomunitatea pauso nabarmenak ematen ari da. Izan ere, Mutrikun, Recysmart proiektu pilotua jarri zuten martxan maiatzean. Gailu adimendunen bidez herritarren ontzi arinak sailkatzeko ohitura aztertuko duen proiektua da honakoa, eta puntuazio sistema baten bidez, puntu gehien eskuratzen dituen herritarrak Mutrikuko produktuez osatutako saskia irabaziko du. “Edukiontzi horiak bi aho ditu, eta bietako batean irakurle digital bat jarri dugu. Irakurle horrek latak, tetrabrikak eta plastikozko botilak irakurtzen ditu, eta hiru material horietako bat sartzen duen herritarrari puntuak ematen dizkio. Puntu horien arabera, hilabetearen amaieran sariak banatzen ditu udalak”. Proiektua hasiera fasean badago ere, poliki-poliki geroz eta herritar gehiagorengana heldu da. “Oraindik denbora gehiago eman behar diogu, funtzionatzen duen ala ez ikusteko”.