Helmugak erronka solidarioak helburua bete du
Eguaztenean [abenduak 11], 19:00etan, amaiera ekitaldia egingo dute, bideo gelan.
2024ko Helmugak erronka solidarioa bere amaierara heltzear dago. Hain zuzen ere, amaiera ekitaldia egingo dute abenduaren 11n, 19:00etan, bideo gelan. Ander Txakartegik aitortu du “urduri” dagoela. Era batera proiektuaren parte izan diren lagun asko bertaratuko dira, baita erronka solidarioa hauspotu duten beste hainbeste ere. Horregatik, “poztasuna eta beldurra” maila berean dituela.
Helmugak erronka solidarioak helburua bete du 8.000 euro biltzea lortu dute. Crowfoundingetik haratago, Berriatuan ekainaren 21etik 23ra egindako askotariko ekintzekin ere dirua pilatzea lortu dute, paella solidarioa, adibidez, “erabateko arrakasta” izan zela nabarmendu dute.
Berriatuarrak nabarmendu du Berriatuko herriak emandako pausoa, proiektua herri izaera hartu duela, eta “oso eskertuta” dagoela. Merezitako amaiera eman nahi diote erronka solidarioari, ez izatea bakarrik Haurren gaixotasun desberdinekin lan egiten duten Aspanovas, Aspanogi, Bihotzez eta Arnasa elkarteentzako diru emate ekitaldia. Jai giroa nagusitzea nahi dute, betiere haien ikutua emanez.
Bideo desberdinak proiektatuz emango diote hasiera, bertan parte hartzailea, laguntzaile, lagun eta babesleen irudiak jarriko dituzte. Gero, seriotasuna eta ohiko protokoloak alde batera utziko dituzte eta umoretik tiraka egingo dute ekitaldia. Era berean, aurkezpenean sorpresa ugari egongo direla aurreratu dute. Amaieran, Zentrala tabernan eta Gesalaga enpresaren bitartez luntxa egingo dute.