Merche Gallardo Carrillo: "1940. urtean jaio nintzen, Saturrarango emakumeen kartzelan"
Saturrarango emakumeen kartzelan jaio zen Merche Gallardo Carrillo, ama bertan preso zeukalako. Urtebete zeukala aita bila joan, eta Andaluziara eraman zuen. Ama, ordea, beste hiru urtez gelditu zen espetxean. Apurka-apurka, bere historia osatzen joan da, eta ez dauka ezkutatzeko asmorik, ozen esaten baitu nondik datorren.
Saturrarandik Andaluziara, eta hortik berriro Euskal Herrira. Handik-hona ibili da bizi osoan zehar Merche Gallardo Carrillo (Saturraran, Mutriku, 1940), geltokiz geltoki, leku batetik bestera. Egun, Iurretan du habia, eta bizitza osoa lanean pasa ondoren, bizitzan egiteko gauza bakarra gelditzen zaiola dio: bere bizitzaren inguruko liburua idaztea.
Saturrarango emakumeen kartzelan jaio zinen, 1940an. Noiz izan zinen zure historiaren jakitun?
Nire amak ez zuen Saturrarango kartzelan igaro zituen urteei buruz hitz egin nahi izaten. Baina nik, beharra sentitzen nuen, nire historia, gutxinaka, hariz hari, josten joateko. Beraz, galdetu egiten nion; biok bakarrik gelditzen ginen momentu oro aprobetxatzen nuen horretarako.
Eta zer kontatzen zizun?
Saturrarango kartzelan jaio nintzela kontatzen zidan, eta nik ez dut inoiz hori ukatu, eta ez dut ukatuko. Gose handia pasatzen zutela ere kontatu zidan, nahiz eta Ondarroa eta Mutrikuko herritarrek janaria ekarri, mojek saldu egiten zuten, eta zerbait jatea okurrituz gero, zigortu egiten zituzten. Okela jaten zuten momentu bakarra dilista platerkadarekin zen, bertan aurkitzen zituzten kokoengatik. Elkartasuna bazegoen, baina ez zen presoengana iristen. Nik, urtebete egin nuen bertan, aita Andaluziatik nire bila etorri zen arte, eta hurrengo sei urteak Andaluzian egin nituen.
Amak beste hiru urte egin zituen kartzelan.
Bai. Aita eta biok Andaluziara joan ginen, eta hiru urtera etorri zen ama. Ez naiz gogoratzen ezertaz, soilik kontatu didatenaz, eta ez da asko. Umeak “desagertu” egiten ziren Saturrarango kartzelatik; batzuk beste familia batzuengana eramaten zituzten, eta beste batzuk, hil egiten ziren, gaixo. Hori ikusita, aita nire bila etorri zen.
Inoiz ez dut ukatu Saturrarango kartzelan jaio nintzela, eta inoiz ez dut ukatuko
Txikitan odol transfusio bat ere egin zizuten, oso gaixo zeundelako, ezta?
Bai, amak kontatu zidan hori. Oso gaixo nengoen, eta beharrezkoa izan zen odol transfusioa egitea. Beste behin, infekzio handi bat harrapatu nuen, eta hortzak banan-banan erori zitzaizkidan. Hori esan zidan amak. Gaur egun, oraindik, horrekin amets egiten dut, baina nire ametsean ez naiz ume bat, eta ahoa eskuekin eusten dut, hortzak ez erortzeko.
Ama, Eusebia Carrillo Marin, Jaengo Puente de Genavekoa zen. Zergatik eraman zuten etxetik 704 kilometrora?
Ez dakit. Dakidan gauza bakarra da frankistek amaren bi neba fusilatu ondoren, atxilotu egin zutela, 23 urterekin, eta nitaz haurdun zegoela.
Nire amak ez zuen Saturrarango kartzelan igaro zituen urteei buruz hitz egin nahi izaten. Baina nik beharra sentitzen nuen, nire historia, hariz hari, josten joateko
1940.urteko martxoaren 3an jaio zinela dio zure jaiotza-agiriak. Zuk, ordea, otsailaren 26an ospatzen duzu zure urtebetetzea.
Bai, bitxia da hori. Niri betidanik esan didate 1940. urteko otsailaren 26an jaio nintzela, baina agiriak ez du hori esaten. Izenarekin ere, horrelako zerbait gertatu zitzaidan. Saturraranen Mercedes izenarekin bataiatu ninduten, Mercedes Castro kataluniar amabitxiaren omenez. Linaresen, ordea, Maria Francisca izenez bataiatu ninduten. Bizitza osoan, jaio nintzenetik gaur egunera arte, Merche izan naiz, eta ez Maria Francisca.
Bueltatu zara inoiz Saturraranera?
Kartzela bota aurretik bueltatu nintzen, nire seme-alabak umeak zirenean, duela 50 urte inguru. Kotxea hartu, eta Saturraranera joan ginen. Bertan zegoen oraindik kartzela. Ez dakit momentu horretan zer zen, baina eraikina hor zegoen.
Zer sentitu zenuen?
Ez dakit. Hondoa jo nuen. Oso arraroa da hori nigan; pasatako guztiarekin, jada malkoak agortu zaizkit. Baina horrela izan zen. Gainera, joan ginen inork ez genekien eraikineko zein parte zen gauza bakoitza. Galdera asko etorri zitzaizkidan burura: non egongo zen nire ama? Non jaio nintzen ni?
Dakidan gauza bakarra da frankistek amaren bi neba fusilatu ondoren, atxilotu egin zutela, 23 urterekin, eta nitaz haurdun zegoela
Eta ordutik, bueltatu zara bertara? Gaur egun, oroimenezko monolito bat dago bertan.
Eraikina beste hainbat urtetan egon zen zutik, baina ni ez nintzen gehiago bueltatu. Gaur egun, ordea, bai. Behin, oroimenezko monolitoko izenen artean nire amarenaren bila hasi nintzen, baina ez zegoen, hildako emakumeenak bakarrik zeudelako. Ordutik, Saturraran Elkarteak Oroimen Eguna antolatzen duenean joaten naiz bertara, eta elkarteko Arantzak kontatuta dakit gaur egun Saturrarango kartzelari buruz dakidan guztia.
Garrantzitsua bezain beharrezkoa da Saturraran Elkarteak memoria historikoaren inguruan egiten duen lana, pasatako guztia ahanzturan erori ez dadin.
Oso garrantzitsua da, beraiengatik izan ez balitz, nik ez nuke jakingo non jaio nintzen, eta jendeak ez luke jakingo Saturraranen gertatu zen guztia. Gaur egun, postaletan jartzeko tokia da, paradisu bat bezalakoa, baina orain dela 80 urte inguru, infernu bat zen. Bisitan joan nintzen batean, Arantzak berak kontatu zidan modulu bakoitza non zegoen, eta ni non jaio nintzen. Putzu bati buruz ere galdetu nion, ze bere garaian, amak kontatu zidan zigortzeko orduan putzu batera eramaten zituztela, eta bertan, orduak eta orduak egoten zirela, ura ia-ia bururaino zeukatela.
Zure ama ere zigortu izan zuten putzu horretan?
Ez dut uste. Nire ama ez zen kexatzen edo kontrako iritzia ematen zuen emakume bat. Ni izango banintz, egun guztia egongo nintzateke putzuan sartuta, injustizien aurrean ez bainaiz isilik gelditzen!
Bizitza guztian alde batetik bestera ibili zara, eta umetatik, lanean. 7 urterekin Barazarrera joan zinen, gurasoen lana zela eta.
Aitaren lana zela eta, jaio nintzen lurraldera 7 urterekin egin nuen buelta, Euskal Herrira. Lehenengo, Barazarren izan nuen bizilekua; aita igeltsero lanetan zebilen hasieran, eta gero, Undurragako urtegian egin zuen lan. Nik ere txikitatik lan egin behar izan dut, ibaia zeharkatzen nuen, egurra bildu, eta buru gainean eramaten nuen. 10 urte inguru izango nituen.
Eta hortik, Mañarira.
Bai. Argirik gabeko etxe batean bizi ginen, eta Mugarra mendiko mehatzera joaten ginen lanera, aitarekin. Lan gogorra zen, eta 13 urte ingururekin, negua zein uda, lan egiten nuen. Lan hori utzi, eta zerbitzari lanetan hasi nintzen, Durangoko bi familien etxean. Horietako bat familia oso garrantzitsua zen inguru hauetan, eta gose handia pasatu nuen, ez baitzidaten jaten ematen. Tratua ez zen izan oso ona.
Lan hori utzi, eta beste batean jarraitu zenuen. Nora joan zinen Mañaritik?
Gurasoak eta zortzi neba-arrebok Durangoko San Faustora joan ginen bizitzera. Oñatiko enpresa batean ere egin nuen lan, ezkondu arte. Baina San Faustoko etxearekin arazoak izan genituen; izan ere, gurasoek Gasteizen egiten zuten lan, eta ni bakarrik nengoen orduan San Faustoko etxean. Nire izenean jarri zuten, baina jendea umea nintzela konturatu zenean, kexatu eta etxea kendu zidaten. Orduan, Jose Antonio Astigarraga zegoen udaletxean, eta berak lagundu zidan etxea lortzen. Lortu zuenean, gurasoak Durangora itzuli ziren.
Azken 56 urtetan, Iurretan duzu habia.
Umeak izan ondoren, Iurretan finkatu ginen, senarra, bost seme-alabak, eta ni. Orduan, Matienako Tubos Bergman enpresan egiten nuen lan, baina alergiak zirela eta, utzi egin behar izan nuen. Ordutik, hamazortzi urtez, Eusko Jaurlaritzako langilea izan naiz, sukaldari bezala egon naiz eskola desberdinetan: Durango, Galdakao, Lemoa, Zeanuri… inguru guzti honetan ibili naiz.
Lan asko egin behar izan duzu aurrera irteteko. Baina behin erretiroa hartu eta gero, ez zara gelditu. Izan ere, Durangoko Andaluziako zentro kulturaleko partaide ere bazara. Noiztik?
Nire sustraiekin bat egiteko modua izan dela esan nezake. 1987tik naiz elkarteko partaidea, hau da, elkartea sortu zenetik. Bertako Coro Rociero abesbatzan ere kantatu izan dut, pandemia heldu zen arte. Eta gaur egun, batzordeko kidea naiz.
Gutxinaka, zure historia birsortzen eta ezagutzen joan zara. Eta zure ondorengo belaunaldiei ere transmititu diezu hori.
Bai. Apurka-apurka nire historia sortzen joan naiz. Nire bilobek badakite Saturrarango kartzelan jaio nintzela, eta nire seme-alabek kontatzera bultzatzen naute. Egunen batean, nire bizitzaren inguruko liburua idaztea gustatuko litzaidake.
Inoiz ez da berandu.
Inurri bat bezalakoa izan naiz bizitza osoan, eta horrela lortu dut gaur egun daukadana. Nire ametsa izango litzateke liburua idaztea, baina ez dakit horrenbeste idazten. Norbaitek idaztea gustatuko litzaidake, historia errepikatu ez dadin. Bizitzan zehar gertatu zaidan guztiaren ondorioz naiz gaur egun naizena, eta ez naiz ezeren beldur, ezta nire historia kontatzeko ere.
Egunen batean nire bizitzaren inguruko liburua idaztea gustatuko litzaidake. Ea norbaitek idazten duen, historia errepikatu ez dadin