Eguraldi txarrak ez die amorotarrei jai girorako gogorik kendu
Bertoko gastronomia oinarri izanik, Amorotoko frontoian batu dira gaur [abenduak 7] eguerdian eskualdeko herritarrak. Amorotoko Kultura Elkarteak 'Abenduan, on egin!' lelopean antolatutako ekimenak erantzun "oso ona" izan du.
Urtero legez, Abenduan, On egin! azoka antolatu du Amorotoko Kultura Elkarteak, eta neguko bertoko gastronomia dastatzeko aukera izan dute herrian, herritarrek prestatutako janariagaz. Hitzordu ukaezina bihurtu da gaurko gastronomia azoka amorotarrentzat, eta baita eskualdeko inguruko herritarrentzat ere. Nahiz eta ohiko formatuari eutsi, aurten, berritasunak ere izan ditu azokak. Izan ere, “ondo” funtzionatzen duela ikusirik, artisau postuak gehitu dizkiote azokari.Â
Eguerdirako hasi da jendea frontoira heltzen, eta apurka-apurka betetzen joan da espazioa. Denetarik dastatzeko aukera eduki dute bertaratutakoek, baina prestatutako janari guztia Gabonetako jaki tradizionalak direla azpimarratu dute antolatzaileek: “Gabonei edo abenduari hasiera ematearekin lotzen dute askok azoka, beraz, Gabonetako jaki tradizionalak dira denak”. Antolaketari dagokionez, “betiko formatuan” egin dute aurten ere: herri guztiaren artean. “Taldeka edo familiaka banatzen gara. Batzuek karakolak egin dituzte, besteek postreak…”.Â
Odolostea eta txistorra, salda, karakolak saltsan, arroz esnea, intxaur saltsa eta sagar saltza banatu dituzte egunean zehar. Horrez gain, taloak ere egon dira, eta edarien barra ere jarri dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, taloen masa egunean bertan egin dute, eta momentuan ere, hamar bat lagun egon dira taloaren masari forma ematen.Â
13:30 inguruan heldu da eguneko jaki bereziena dastatzeko aukera: Eustakio txerria. Amorotoko Telleri baserrian hazitako txerria da honakoa, eta burduntzian erre ondoren, ogi artean jarrita, pintxoak egin dituzte, bertaratutakoek jan zezaten.Â
Aurtengo berritasunei dagokienez, artisau postuak jarri dituzte frontoian antolatzaileek, gastronomia eta artisautza uztartzeko helburuagaz. Izan ere, euren produktuak erakusteko eta ezagutarazteko “egun eta toki” ona dela adierazi dute
Lehen aldia den arren, “gustura” agertu dira artisauak. Errigoititik baserriko ogi ekologikoa ekarri du Oraskak, eta salmentak “ondo” joan direla adierazi du. Horrez gain, beraien produktuak Lekeitioko Ekolur dendan saltzen dituztela ere azpimarratu du. Berriatuako Milloi auzotik Amorotora etorri da Kasper, eta berak eginiko euskal makilak jarri ditu postuan salgai: “Nire afizioa da tamaina eta material ezberdinetako makilak egitea. Ez naiz azoketan ibiltzen, inguruko jendeei egiten diet normalean, baina azoka honetara urtero etortzen naiz, makilekin et
a Labegurreko gozoekin. Izan ere, Labegurrekoek egun honetan Mendaron azoka izaten dute, eta beraiekin hitz eginda hamabost tarta inguru enkargatzen ditut hona ekartzeko”. Irene de Madrazo Abad artistak ere bere postua jarri du Amorotoko frontoian, akuarelekin egindako margolanak, gozo-heltze eta eskuz egindako produktu gehiagorekin: “Amoroton bizi naiz, eta Kultura Elkartekoek gaurko gastronomia azokan egoteko proposamena luzatu zidatenean, baiezkoa eman nuen. Normalean, erakusketa formatuan plazaratzen ditut nire lanak, eta ez naiz azoketan ibiltzen, baina gaur, formatua aldatu eta hemen nago, nik egindako lanak erakusten”.Â
Jai giroak ez du etenik izan gaur Amoroton. Izan ere, Eingo taldeko ikasle gazteek girotu dute frontoia eguerdian, trikitia eta panderoa eskuan zutelarik, eta 16:00etan Eingo erromeria egon da. Antolatzaileek azaldu dutenez, eszenatokirik gabe eskaini dute kontzertua, “jendeak parte hartzeko”. Iaz ere horrela egin zuten, eta ondo funtzionatu zuela ikusirik, aurten, errepikatu egin dute.Â