Herriko sortzaileen plaza bihurtuko da Ondarroa
'Tripi-trapu' azokaren laugarren edizioa izango da aurtengoa, eta guztira, hamabost sortzaile batuko dira Ondarroako Berdura Plazan.
Herriko sortzaileen erakusleiho bihurtuko da Ondarroako Berdura Plaza zapatuan [abenduak 14]. Aurten, Tripi-trapu azokaren laugarren edizioari ekingo diote, eta guztira, hamabost sortzaile batuko dira bertan. “Duela lau urte herriko hiru-lau sortzaile batu ginen, eta ikusirik bakoitzak material desberdina zeukala, eta herrian ez ginela bakarrak, herriko sortzaileok batu eta Gabonen aitzakiapean azoka bat antolatzeko ideia izan genuen. Herrian eta herritarrek eskuz eginiko produktuak kontsumitzera bultzatzea izan da gure helburuetako bat”.
Lehenengo aldiz Ondarroak Kofradia Zaharrean jarri zituzten postuak, hurrengo urtean Zaldupe Eskolako jolastokian, eta hirugarrenean, berriz ere, Kofradia Zaharrean. Aurten, ordea, aldaketa bat egin dute eta herriko Berdura Plazan jarriko dute azoka, herritarrengandik “hurbilago” egoteko aukera aprobetxatuz: “Kalean egoteko aukera izan dugu aurten, eta ideia ona iruditu zaigu, herritarrengandik hurbilago egon eta gure lanak ikusgarritasun gehiago izan dezan. Horrez gain, Egia-Iriondo memoriala da egun berdinean, beraz, jendea ibiliko da alde batetik bestera”. Berritasunekin dator aurten azoka, izan ere, goizean, Berdura Plazan baserritarrek osatutako janarien postuak egoten dira, eta sortzaileen azoka dela aprobetxatuta, baserritar batzuk gelditzeko erabakia hartu dute, beraien produktuak saltzeko.
Denetarik egongo da azokan: bitxiak, artelanak, argazkiak, serigrafia, joskintza bidez eginiko produktuak… eta gehiago. Ondorengoak izango dira azokan parte hartuko duten sortzaileak: Amaiur, Art_Ile, Auma, Bai Zeabe!, Gau-Lora, Hariarteka, Jone Talledo, Josune Laka, Lue, Meraki, Naixune, Taillerra Tattoo, Trontxo, Txatxala eta Txikiñe. “Produktuak saltzean gain, gure helburua, giro ona sortzea da, eta gainerako herritarrei eskuz egiten dugun lana erakustea”.
Antolatzaileek adierazi zutenez, etorkizunera begira, azoka urtero egitea da asmoa: “Gure helburua urtero azoka antolatzea da. Urte batean batek ezin badu, berriak sartzea izango litzateke aproposena, eta horrela, herriko sortzaileen presentzia mantentzea”.