XII. Kirol Gala ospatuko dute Mutrikun barikuan
Abenduaren 13an [barikua] egingo dute Kirol Galaren XII. edizioa. Lau sari desberdin banatuko dira, eta ondoren, janaria egongo da bertaratzen direnentzat.
Mutrikuko Kirol Galako XII. edizioa ospatuko dute barikuan [abenduak 13] Zabiel Kultur Etxean, 19:00etan. Bertan, urtero legez, lau sari banatuko dira: Kirolari onenarena, kirol talde onenarena, kirol ibilbide onenarena eta aipamen bereziaren saria. Alberto Gorritibereak aurkeztuko du gala, eta Mutrikuko Udala, herriko kirol taldeak, eta kirolari sarituak egongo dira bertan. Hala ere, deialdia irekia eta publikoa dela adierazi du Mutrikuko Udalak.
Sariei dagokienez, kirolari onenaren saria Ander Albisu Urresti txirrindulariak irabazi du, eta Eñaut Urresti, Oaia Otaño eta Hodei Arrillaga izan dira gainerako hautagaiak. Kirol talde onenaren saria Danok Bat Pelotazale Elkarteak eskuratu du, eta beste hiru talde egon dira hautagaien artean: Mutrikuko Arraun Taldeko neska infantilak, Mutriku Sokatira Taldea, eta Burumendiko Taldeko Espeleologia sekzioa. Kirol Ibilbide onenari dagokionez, Jenaro Zelaia Urreisti arraunlariak jasoko du saria. Igor Elezgarai eta Xabier garalde, Igotz Gallastegi, Patxi Ituarte eta Jabier Zubiaurre izan dira beste hautagaiak. Azkenik, Javier Zubiaurre Andonegik irabazi du kirol aipamen bereziaren saria, Artzain txakur lehiaketetako ibilbideagatik. Burumendi Taldeko Espeleologia sekzioa, Eugenio Mixkia, Jorge Uranga eta Pedro Iñarrairaegi izan dira gainerako hautagaiak.
Mutrikuko Udalak adierazi duenez, sarituak elkarrizketatuko dituzte, eta bakoitzari ikus-entzunezko bideo bat eskainiko zaio. Galak 45 minutu inguru iraungo ditu, eta bukaeran, janaria egongo da erakusketa gelan.