Hardcore doinuak Portuko Ranpin 17. urteurrenean
Zapatuan [abenduak 14] 17:30etik aurrera zortzi talde igoko dira oholtzara Hardcore Festibalean.
Hardcore doinuek hartuko du zapatuan [abenduak 14] Ondarroa. Portuko Ranpin 17. urteurrenean aurten hardcore musika estiloaren aldeko apustua egin dute, “aspalditik geneukan Harcore Jaialdi bat antolatzeko gogoekin eta aukera aproposa zela uste izan dugu”. Horrela, 17:30etik aurrera, zortzi talde igoko dira oholtzara: Dena, Eje, Kolpeka, Mäte, Bëlaño, Üther, Vibora eta Zikin taldeak. Horrez gain, behin kontzertuak amaitzen direnean, jaialdia luzatzeko Dj saioak jarri dituzte: Brainsqueezer eta Nikanseunte, hurrenez hurren, rock&roll eta Funk eta Techno musika jarriz.
Antolatzaileek azaldu dute kontzertu laburrak izaten direla Hardcore musika estilokoak, “baina oso intentsoak”, horregatik kontzertu soilak baino jaialdi baten elkartzea pentsatu zuten. “Portuko Ranpin askotariko kontzertuak ekartzen ditugu, musika estilo guztietakoak eta aspaldi ez genuen horrelako musika estiloko emanaldirik ekartzen, gogoak genituen”, esan dute.
Hain zuzen ere, Ondarroan egingo dute lehendabiziko Hardcore Jaialdia izango da eta aurrerantzean gehiago egin nahi dituztela aurreratu dute. Taldeei dagokionez, nabarmendu dute doinu “nahiko gogorra” duten taldeak direla, baina, era berean, aniztasuna erakusten dutenak. “Hardcore munduan korronte oso desberdinak daude, batzuk Punketik jotzen dute, beste batzuek Metaletik, orduan horrek anistazuna ematen dio jaialdiari. Badaude erritmo altuagokoak eta lasaiagoak ere, denetarik ekarri nahi izan dugu azken batean”.
Alde horretatik, talde guztien izena, maila eta musika azpimarratu badute ere, Lekeitioko Zikin taldearena nabarmendu dute eskualdekoak direlako. Aurtengo birako azken kontzertua izango da Portuko Ranpin eskainiko dutena. Diskoa kaleratu zuten uztailean eta ordutik areto askotan jo ostean Ondarroan amaituko dute aurtengo bira.
Harrerari dagokionez, sarrera salmenta “oso ondo” joan dela aipatu dute eta Hardcore giro “bikaina” sortuko dela diote.