Hausten ez diren kateak
1937ko abenduan 13an fusilatu zuten frankistek Nikolasa Agirrezabalaga Amutxastegi mutrikuarra, Zaragozako Torrero hilerriko horman, 23 urte bete berri zituela. Etxetik 297 kilometrora eraman ondoren, salaketa faltsuan oinarritutako epaiketa egin zioten, defentsarik gabe. 1937Ko abenduaren 11n heriotza zigorrera kondenatu zuten Agirrezabalaga, berak, ordea, abenduaren 13ko goizean jakin zuen fusilatuko zutela. Arantza Ugarte Saturraran Elkarteko kideak epaiketari buruzko dokumentuak aurkitu zituen.
Francok estatu kolpea eman zuenetik 88 urte igaro dira, eta 85 urte, berriz, 36ko gerra amaitu zenetik, nahiz eta frankismoak bizirik jarraitu zuen urte luzeetan zehar. Gaur egun oraindik ere horrela dago askoren ustez.
Frankismoak Euskal Herrian izan zuen eragina neurtzeko modurik ez dago, baina kontrara, memoria eta oroimena badaude, eta horiei esker soilik transmititu daiteke historia belaunaldiz belaunaldi, gertutako guztia ahanzturan erori ez dadin.
1937ko abenduaren 13an, 06:00etan fusilatu zuten Nikolasa Agirrezabalaga Amutxastegi (Mutriku, 1914), 36ko gerraren erdian, Zaragozako Torrero hilerriko horman. Gaur, beraz, 87 urte bete dira une hartatik.
Torreroko kartzelan Gumersindo de Estella izenez ezagutzen zen Martin Zubeldia Inda Lizarrako kaputxinoari esker jakin daiteke 1937tik 1941era Zaragozako Torrero hilerriko horman fusilatutako presoen berri. Izan ere, Zubeldiak 300 preso baino gehiago konfesatu zituen urte horietan, eta haietako bat izan zen Agirrezabalaga. Fusilados en Zaragoza liburuan idatzi zuen guztia Zubeldiak, baita Agirrezabalaga fusilatu aurreko orduetan neska gaztearekin izan zuen elkarrizketa jaso ere.
«Ai ama, ai ama, zeinen urrutira ekarri nauten hiltzeko», errepikatzen zuen mutrikuarrak behin eta berriz fusilatzera eraman aurretik. Bertan egon zen Zubeldia, eta horrela deskribatu zuen momentu hura: «Eguna argitzeko zegoen oraindik, eta Agirrezabalagaren jertse zuria ezin hobeto bereizten zen atzeko horma ilunarekin kontrastean. Isiltasuna ikaragarria zen, gaztearen negar-zotina entzun zitekeen soilik». Komandanteak tiro egiteko agindua ematean, apur bat tardatu zuela dio kaputxinoak, baina behin seinalea egin ondoren, zortzi soldaduk jaurti zituzten tiroak: «Zortzi ziren soldaduak, baina soilik hiru balak zeharkatu zuten gaztearen gorputza. Nora egin zuten tiro gainerakoek? Hormara, dudarik gabe, beste askotan bezala».
Horrela ezagutu zuen Arantza Ugarte Saturraran Elkarteko kideak Agirrezabalagaren historia, eta apurka-apurka informazio gehiago aurkitzen joan da: «Baneukan historiaren berri, baina inoiz ez dut jakin izan zer gertatu zen zehazki. Beraz, informazioaren bila hasi nintzen, eta lehenengo Agirrezabalagaren kartzelako artxiboak aurkitu nituen. Bertan, ez zuen delituaren berri ematen, baina bai neska gaztea Donostiako Ondarretako kartzelatik Zaragozakora eraman zutela, Guardia Zibilen bidez, eta lau hilabetez eduki zutela bertan. Behin hori jakinda, gehiago jakin nahi nuen, Nikolasa Agirrezabalagaren historia osatu nahi nuen».
Buscar convatientes web orrialdean aurkitu zituen Ugartek kartzelako artxiboak, eta nahiz eta ez zeuden egoera onean, gutxinaka eta pazientziarekin, berreskuratu egin ditu. Izan ere, Donostian atxilotu zuten Agirrezabalaga, bertako Excelsior hotelean sukaldari lanetan zebilela. Handik, Zaragozara bideratu zuten, nahiz eta artxiboetan deliturik ez den agertzen. 1937ko abenduaren 11n, heriotza zigorrera kondenatu zutela dio dokumentuak.
Arantza Ugarte: Ondarretako kartzelatik Zaragozakora eraman zutela jakinda, gehiago jakin nahi nuen, Nikolasa Agirrezabalagaren historia osatu nahi nuen.
Dokumentu horiek ikusita, eta Zubeldiaren liburua eskuartean izanik, informazio gehiagoren bila jarraitu zuen Ugartek, eta horrela aurkitu zituen Zaragozako artxibo militarreko (Archivo historiko jutoter32) dokumentuak: «Dokumentu hauetan epaiketaren aurreko instrukzioa eta epaiketa bera aurkitu nituen. Rafael Marinen izena ageri da, dokumentuen arabera, bera izan zen Agirrezabalaga salatu zuen frankista». Epaiketa aurreko instrukzioaren dokumentuan jasota dagoenaren arabera, mutrikuar gazteak lan egiten zuen hoteleko bezeroa zen Marin, eta errepublikanoei bere eta beste frankista batzuen berri ematea leporatu zioten. Baina, kontrara, Zubeldiak jasotakoaren arabera, Agirrezabalagaren lankide bat izan zen horren berri eman zuena, eta ez zen sukaldaria, zerbitzaria baizik. «Liburuan azaltzen duenez, Marinek nolabaiteko jazarpena egiten zion zerbitzariari, beraz, Nikolasaren izena eman zuen». Horrela dio epaiketa aurreko instrukzioaren dokumentuak: «Auzipetuak bezeroen konfiantzaz abusatu zuen, hauen ideologia ezagutzeko. Eta muturreko euskal partidu batean afiliatuta zegoenez, eta ezkerreko manifestazio publikoetan parte hartzen zuenez, errebeldeei eskuineko ideologiadun pertsonen berri ematen zien». Errebeldeak dionean, kasu horretan, errepublikanoei egiten die erreferentzia testuak, frankistek idatzitakoa baita.
Zubeldik jasotakoaren arabera, ordea, «faltsua» zen epaiketan Agirrezabalagari egin zioten akusazioa; izan ere, fusilatu aurreko orduetan hori esan zion gazteak kaputxinoari. Horrez gain, defentsarako aukerarik ere ez zuela izan azpimarratu zion gazteak: «Irakurri didaten guztia faltsua da, salatu zuena zerbitzaria izan zen, eta ez ni. Ez naute elkarrizketatu, eta epaiketan zehar ez didate hitz egiten utzi. Ez dut defentsarik izan». Defentsarik gabeko epaiketa egin zioten Agirrezabalagari, eta hil zuten egunera arte, ez zuen jakin heriotza zigorrera kondenatu zu
tenik.
Arantza Ugarte: Dokumentuen arabera, Rafael Marin izan zen Nikolasa Agirrezabalaga salatu zuen frankista.
Lau hilabete egin zituen Zaragozako espetxean, eta kaputxinoak liburuan dioenaren arabera, bertara eraman zuten egunean galdeketa egin ziotela esan zion gazteak zeldako kide zuen Encarnacion Gasconi. Galdeketaren helburua Agirrezabalagak akusazioa onartzea zen, baina horrelakorik egin ez zuenez, ez zuen ezer onartu, hasieran behintzat. Onartzen ez zuela ikusita, mehatxatatu egin zuten gaztea, pistola paparrean jarriz: «Ez baduzu onartzen, hemen bertan tiroz hilko zaitut», esan ziotela kontatu zuen. Hori entzutean, ikaratuta, Marin salatu zuela baieztatu zuen gazteak. Hori horrela, Gasconik «bere amaiera zela» esan zion mutrikuarrari: «Galduta zaude, ez diozu ihes egingo heriotzari. Ez dakizu zer egin duzun baiezkoa eman duzun momentuan!». Ondorengoa erantzun zion Agirrezabalagak: «Baina, zuk uste duzu deklarazio hori kontuan hartuko dutela? Horregatik hilko nautela?».
Fusilatu eta hurrengo egunean, Zubeldia Zaragozako udaletxera joan zen, Agirrezabalagaren gorpua hobi komunera ez botatzeko eskatuz, gaztearen historiak «hunkituta» utzi baitzuen. Kaputxinoak ordaindu zuen bere hilobia, eta Zaragozako hilerrian ehortzi zuten, 64. koadroko 353. zenbakian.
Oroimenaren garrantzia. Kontatzen ez dena existitzen ez denez, 2010.urteko urriaren 28an, 3.543 plaka jarri zituzten, fusilatutako guztiak eta Torrero hilerriko hobi komunetara botatako gorpuzkiak gogoratzeko. Bertan dago Nikolasa Agirrezabalaga Amutxastegi jartzen duen plaka ere, eta orain arte bezala, bere historia kontatzen jarraituko du Ugartek, belaunaldiz belaunaldi, historia lotzen duten kateak hautsi ez daitezen.