Lekeitio Lagunkoiak urteko azken auzolan ekintza egin du
Santa Katalinako bideko hormak txukundu eta margotu dituzte. Martitzenean [abenduak 17] egingo duten batzarrera joateko deia luzatu dute.
Lekeitioko Lagunkoia taldeak joan den eguaztenean [abenduak 11] bigarren auzolan ekintza eroan zuen aurrera Santa Katalinako bidean. Sei boluntariok parte hartu zuten auzolanean, eta tartean, Lekitto Bedarra taldeko kideak eta Lekeitioko Udal brigadako langile bat ere aritu ziren.
09:30ean elkartu ziren Santa Katalina bidean, eta jolaslekuko belar guztia mozteari ekin zieten. Ostean, boluntarioek petrila lixatu eta zikina kendu zieten. Garbiketa lanak eginda, 100 metro inguruko horma margotu zuten. Lagunkoia taldeko kideek esan dutenez, hori izan da aurtengo azken auzolan ekintza; datorren urtean ekingo diete berriro ere lanei.
Arratsaldean, ostera, ohiko hileko zarzuela emanaldia eduki zuten, kultur etxean: “Luisa Fernanda obraren emanaldia ikusi genuen. Partaideek asko gozatu zuten, eta urtarrilean ere jarraitzeko asmoa daukagu”. Era berean, gogorarazi dute Lagunkoi taldearen hurrengo batzarra martitzenean [abenduak 17], 10:00etan, izango dela: “Batzar horretara etortzeko gonbidapena luzatzen diegu nahi duten guztiei. Taldea eta dinamika ezagutzeko aukera egongo da, eta eskuzabal hartuko ditugu etortzen diren denak”.