"Giro ederra" egon da laugarren Tripi-Trapu sortzaileen azokan
Berdura Plazan herriko hamabost sortzaileren postuak egon dira. Aurtengo berritasuna toki aldaketa izan da, eta "jende gehiago" ibili dela adierazi dute sortzaileek: "Hor asmatu dugula uste dut".
Ondarroan gaur [abenduak 14] ez da egitekorik falta izan. Artisauen produktuak ikusi eta erosteko aukera egon da Berdura Plazan, IV. Tripi-Trapu azokagaz. Duela lau urte sortu zen ekimena, Gabonen atarian herriko sortzaileen produktuak kontsumitzera bultzatzeko asmoz. Hiruzpalau postu ipintzetik, hamabost postu ipintzera pasa dira herritarrak.
Bitxiak, poltsak, nezeserrak, koadroak, kamisetak, ilustrazioak eta beste hamaika produktu ipini dituzte. Aurten, gainera, tokiz aldatu dute azoka, eta artisauek, eskertu egin dute: “Ondo doa eguna, jendea olatuetan etortzen da; Egia-Iriondo amaitu denean, esaterako, jende mordoa etorri da. Giro polita sortu da. Aurten berritasun modura Berdura Plazan ipini dugu azoka, eta uste dut Kofradia Zaharrean baino jende gehitxoago dabilela. Hor asmatu dugula uste dut”.
Txikiñe proiektuko Agurtzane Arrizabalaga ere, pozik agertu da azokan ibili den jende kopuruagaz: “Salmenta aldetik ondo doa eguna. Euria hasi denean jende mordoa sartu da, eta lasterketa amaitu denean geldika-geldika hasi da berriro jendea”. Arrizabalak 25 urte inguru daramatza boltsak, motxilatxoak, nezeserrak eta bestelako produktuak egiten: “Lehen mertzeria bat neukan, baina duela sei urte jubilatu nintzenean itxi egin nuen. Orain Gabonetarako produktuak egiten ditut, eta azoka honetara bakarrik etortzen naiz. Gabonetarako opari txikiak erostera jende nahikotxo etortzen da. Giro ederra egoten da gaurko egunez”.
Mota guztietako produktuak ipini dituzte salgai herritarrek, tartean, baita koadroak eta laminak ere. Horietako bat izan da Josune Laka: “Nire bizitza guztia daramat halakoak egiten. Erakusketak ipini izan ditut, eta nire lokalean ere saltzen nituen. Duela lau urte edo deitu zidaten azoka honetara etortzeko, eta orduan hasi nintzen azoketara joaten. Herrikoetara bakarrik joaten naiz”. Gaurko egunagaz “pozik” agertu da Laka: “Gaur, nire ustez, badabil jendea, eta pila bat gainera. Batzuetan makalago egon izan da, baina beti ibiltzen da jendea”.
Karle Beristain, ostera, duela bost urte inguru hasi zen Auma proiektuagaz; gaurkoa izan da bere azken azoka. “Hau da nire azkenengo azoka. Itxi egin behar izan dut, ze, ez da erraza sortzaile mundua. Penaz ematen diot amaiera, ze, azken finean, norbere proiektua da, norberak sortzen ditu produktuak, energia guztia horretan ipintzen duzu… baina, tira, orain bizitza berriari helduko diogu. Gaur salmenta aldetik lasterketa amaitu denean etorri da jendea”.
Amaiur Aramaio ere, duela bost urte inguru hasi zen bere proiektuagaz, pandemia garaian, hain zuzen ere: “Denbora neukala eta, gauzak sortzen hasteko momentua ikusi nuen. Beti gustatu izan zait pintatzea, baina ez naiz sekula horrela egitera ipini”. Bere lagun batekin elkartu, eta azoketara joaten hasi ziren. Ordutik, ez dute etenaldirik egin. “Azoketara joaten hasi ginen eta zurrunbiloan sartu ginen. Eta orain, ezin gara irten, hantxe gaude, oso gustura. Gainera, behin azoketara joaten hasita aitzakia dago gehiago egiteko”. Hala, gaur “espero baino hobeto” joan da azoka eguna Aramaiorentzat.
Serigrafiaz egindako produktuak eroan ditu, ostera, Tallerra Tattook: “Ni berez tatuatzailea naiz, baina, estudioan serigrafiagaz konbinatzen dut. Laugarren urtea da azokara nire produktuekin etortzen naizena”. Aurten, gainera, berritasunen bat ere eroan du: “Berritasun modura jertseak ekarri ditut, hotza dela eta ez dela, ea zerbait gehiago saltzen dugun”. Kanpoko azokaren batera joan den arren, normalean herrikoetan parte hartzen duela esan du: “Estudioan ere saltzen ditut kamisetak, eta horrez gain, Gabonetako azokara etortzen naiz, eta baita Zapato Azuleko kamiseta azokara ere”.