Ioana Osak eta Ibon Badiolak irabazi dute 38. Egia-Iriondo Memoriala
Iazko partaide kopurua gaindituta, 500 korrikalari inguruk parte hartu dute aurtengo lasterketan. Antolatzaileak pozik geratu dira aurtengo lasterketagaz: "Beti bezala, erantzun beroa eman digute herritarrek. Ondarroa herri beroa da, eta sekula ez dute hutsik egiten denentzako txalo zaparradek".
Ondarrutarrek bereziki maite duten lasterketa lehiatu dute gaur [abenduak 14] 500 korrikalari inguruk. Iazko parte hartzaile kopurua gaindituta, herritar nahiz ingurukoentzat Egia-Iriondo Memoriala gorriz markatutako lasterketa dela erakutsi dute beste behin ere. Ume eta gaztetxoek eman diete hasiera lasterketari, eta 12:00etan nagusien txanda izan da. Antolatzaileak “gustura eta pozik” geratu dira aurtengo lasterketagaz ere.
250 inguru izan dira lasterketan parte hartu duten ume eta gaztetxoak. HHtik LH6rainoko umeek txandatan egin dute korrika; txikienak Zeledoniotik hasi dira, eta nagusienak, aldiz, Zaldupeko zubitik. Lasterketa guztia euripean egin behar izan duten arren, helmugara iritsi bezain pronto saria eskuratu dute partaide denek.Â
Umeen lasterketa guztiak euripean izan diren arren, eguerdia jo orduko atertu egin du. Hori horrela, nagusiek lasterketa guztia euririk barik egin ahal izan dute. Berriatuatik 250 korrikalari inguru irten dira, eta hasi orduko, hiruk aurrea hartu dute. Julen Etxebarria, Iker Ormaetxea eta Ibon Badiolak gainontzekoen aurretik egin dute lasterketa guztia, oso erritmo antzekoak mantenduz. Lehenengo kilometroa hiru minutu eta hamalau segundo inguruan egin dute hirurek, eta bigarrena, ostera, hiru minutu eta zazpi segundoan.Â
Kamiñazpiko bidegurutzera 11. minutuan heldu dira. Hala, herritarrak hiruren arteko sprinta ikusteko gogoz zeuden arren, Badiolak aurrea hartu du, eta lasterketa irabaztea lortu du; iaz hirugarren postua lortu zuen. Gainontzeko biak ere, oso denbora tarte txikian sartu dira. Julen Etxebarria (iazko txapelduna) heldu da bigarren postuan, eta Iker Ormaetxea, aldiz, hirugarrenean.
Emakumeen artean, ostera, Ioana Osa ondarrutarrak aurrea hartu die gainontzeko korrikalariei, eta lehenengo postuan heltzea lortu du. Osak, gainera, emakumezko beteranoen lehenengo postua ere eskuratu du. Bigarren postuan heldu da Nahia Ibarzabal markina-xemeindarra, eta hirugarrenean, Naia Uskola.
Ondokoa izan da sailkapena:
- Sailkapen orokorra (lasterketa nagusia):
- Ioana Osa / Ibon Badiola
- Nahia Ibarzabal / Julen Etxebarria
- Naia Uskola / Iker Ormaetxea
- Beteranoak:
- Ioana Osa / Oier Urkiza
- Dunise Burgoa / Asier Astigarraga
- Arantza Burgoa / Josu Lezertua
- Gazteak:
- Keylan Sarango / Ibai eta Hodei Santiso
- Nerea Badiola /Ibai eta Hodei Santiso
- Garazi Agirre / Yousseff Hatab eta Jon Outerial
- LH5-6:
- Haizene Ugartetxea / Amets Ugartetxea
- Maren Bermudez / Ibai Uranga
- Haizea Ituarte / Enaitz Alberdi
Omenaldia eta eskerrak. Urtero bezala, aurtengoan ere antolatzaileek herritar bat omentzeko tartea hartu dute. Joseina Malvidorentzat izan da aurtengo omenaldia; ibilbidea luzeko kirolaria da Malvido, eta Egia-Iriondo Memorialean ere ez du hutsik egiten. Izan ere, lehenengo Egia-Iriondo Memoriala 1996an egin zuen. Gaineratu dutenez, azken 10 urteetan Espainiko txapelketa ugaritan parte hartu du Malvidok; aurten Zornotzako kros internazionalean bere mailako bigarren postua lortu du.
Omenaldiaren ostean, nola ez, aipamen berezia egin nahi izan diete Jose Mari Aranbarri Egia eta Martin Iriondo herri lasterketaren sortzaileei. Hala, euren senideak igo dira oholtzara: “Ziklo bati amaiera emango diogu: lehenengo Egia joan zitzaigun, eta aurtengo urtean, tamalez, Iriondo joan zaiu. Ondarroako Udalaren, atletismo taldearen eta Egia-Iriondo antolatzeko lagundu duten guztien partez, gure oroimena izan dadila Egia eta Iriondorentzat omenaldirik onena”. Txalo zaparrada batekin, eta “harrotasunez”, amaiera eman diete ekitaldiari.
Antolatzaileak “pozik” geratu dira aurtengo lasterketagaz ere: “Ondo joan da lasterketa. Goizean euri apur bat egin du, eta umeentzat izan da txarrena. Hala ere, eutsi diogu, eta gero eguraldiak hoberantz egin du”. Eguraldi ona eskertuta, beraz, “ekitaldi polita” izan dela azpimarratu dute: “Beti bezala, erantzun beroa eman digute herritarrek. Ondarroa herri beroa da, eta sekula ez dute hutsik egiten denentzako txalo zaparradek”.