"Denetariko partidak" ekarri ditu Goxua Txapelketako lehenengo jardunaldiak
Bigarren jardunaldia eguenetik [abenduak 19] domekara [abenduak 22] jokatuko dute; bost partida egongo dira.
Hasi da lehia pilotari ohien artean. Markina-Xemeingo Esku Pilota taldeak seigarrenez antolatu du Master Goxua Txapelketa, eta aurtengoan 60 pilotari ohirek jokatuko dute. Lehenengo jardunaldia joan den eguenean [abenduak 12] hasi zuten, eta atzo [abenduak 15] eman zieten amaiera.
Guztira zortzi partida jokatu dituzte lehenengo jardunaldian, denak ere, giro ederrean: “Egun batzuetan jende gehitxoago elkartu da, eta beste batzuetan gutxiago, baina, ondo joan dira. Giro ederra egon zen. Atzo [abenduak 15], adibidez, partida bakarra egon zenez, jende gutxiago elkartu zen. Zapatuan, aldiz, giroa polito egon zen”.
Partidei dagokienez, “denetarik” egon dela adierazi dute antolatzaileek: “Batzuk errazagoak izan dira, beste batzuk, zailagoak. Pare bat izan dira parekatuago egon direnak, baina orokorrean nahiko emaitza errazak izan dira. Txapelketak aurrera egin ahala partidak ere orkeatzen joango dira”.
Eguenean [abenduak 12] bigarren mailako bi partida eta lehenengo mailako bat jokatu zituzten. Arrieta anaien eta Anitua-Basterretxea bikotearen partidagaz estreinatu zuten txapelketa; 15 eta 18 irabazi zuten Anituak eta Basterretxeak. Jarraian, Amoto-Oier Urrutia eta Aritz Bustindui-Ezpeleta aritu ziren zein baino zein gehiago; Amotok eta Urrutiak eskuratu zuten garaipena, 18-7 irabazita. Egueneko azken partida Aldape-Aranburu eta Zugadi-Zubillaren artean izan zen; Zubillak Gorosabelen partez jokatu zuen, lesionatuta zegoelako. Hala, Aldape-Aranburu 18-14 nagusitu ziren.
Barikuan bi partida jokatu zituzten. Lehenengo partida Igor Jaiok eta Aitxuluak jokatu zuten, Andoniren eta Jokinen aurka. Partida lehiatua izan zen arren, Andonik eta Jokinek irabazi zuten, 18-15. Bigarrenean, ostera, Iñakito-Agarre eta Unai Uzuriaga-Xabat Uzuriaga aritu ziren lehian; Iñakitok eta Agarrek ia hasieratik lortu zuten aurrea hartzea, eta 18-7 gailendu ziren.
Asteburuan, ostera, frontoi txikiak hiru partida hartu ditu. Varelak eta Unanuek Perran anaiak izan zituzten aurrez-aurre, eta irabaztea lortu zuten; 18-11 amaitu zuten partida. Ansok eta Legarrak, aldiz, Onagoitia eta Urizarrekin neurtu zuten indarra; azken bikotea aurretik ipini zen, eta 18-5 irabazi zuten. Lehenengo jardunaldiagaz amaitzeko, Xabi Arteaga-Koldobika Puente eta Eneko Muñozguren-Kato bikoteen arteko partida jokatu zen; Muñozgurenek eta Katok 18-5 irabazi zuten.
Bost partida. Gabon jaien aurretik bigarren jardunaldia jokatuko dute frontoi txikian; ostean, atsedenaldia egingo dute errege ostera arte. Hala, eguenetik [abenduak 19] domekara [abenduak 22] bost partida jokatuko dituzte. Hurrengoak izango dira urteko azken partidak:
- Eguena, 19:45ean hasita.
- Laka-Alex Arrate eta Zorion Kareaga-Agirregomezkorta.
- Uriguen-Azurmendi eta Zubiria-Gomez.
- Barikua, 19:45ean hasita.
- Ander-Arkaitz eta Peio Etxebarrieta-Aner Arriola
- Zapatua, 18:00etan hasita.
- Gorostizaga-Arandia eta Latxi-Goitia.
- Domeka, 18:00etan hasita.
- Adorrixa-Gandixa eta Aitor Atxurra-Xabi Malaxetxebarria.