I. Lacturale Pilota Txapelketa antolatu dute
Kadete, gazte eta nagusi mailetako partiduak hartuko ditu I. Lacturale Pilota Txapelketak. Gainera, pilota eskolen topaketa ere egingo dute.
Lea Ibarra-Motrollo Pilota Elkarteak eta Munitibarko Udalak elkarlanean antolatuta, goi mailako pilota ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da urte honen amaieragaz eta hurrengoaren hasieragaz batera: I. Lacturale Pilota Txapelketa atondu dute. Abenduaren 26an hasita eta urtarrilaren 4a bitarte, hainbat adinetako pilotariak kantxaratuko dira Munitibarko udal pilotalekura, denak ala denak bost kategoriatan banatuta: gizonezko elite mailakoak edo senior mailako gizonezko nahiz emakumezkoak (18 urtetik gorakoak), gazte mailako emakumezko eta gizonezkoak (17 eta 18 urte bitartekoak) eta emakumezko zein gizonezko kadeteak (15-16 urte).
Antolatzaileek aditzera eman dutenaren arabera, maila denetak kanporaketa bakarra lehiatuko dute, finala orduko. Pilotarien hautaketari dagokionez, pilota elkarteko teknikarien esku egon da, “punta-puntako pilotariak Munitibarrera eroatkeo helburuz”. Harrobi lanari ere dagokion tokitxoa gordeko dio lehiaketak. Izan ere, Bizkaiko lau pilota eskolatako ordezkariak egongo dira txapelketan, guztiak ere eskola adinekoak. Topaketa formatuagaz ariko direla azaldu dute: finalarrekoetan taldeka kategoria bitan irabazi beharra edukiko dute, finalera sailkatzeko; finalean bertan ere, taldeka partidu bi poltsikoratu beharko dute, topaketa eskuratze aldera.
Hilaren 26an, 18:00etan, hasiko dute txapelketa. Lea Ibarra-Motrollo pilota elkarteko pilotariak Zeanurikoen kontra ariko dira. Emakumezko kadete eta gazte mailan, Lekerikabeaskoa eta Lopez de Okariz Beltran de Gebararen eta Etxenausiren kontra ariko dira; elite mailan, Larrartek eta Vertizek Etxegarairen eta Gaminderen aurka jokatuko dute. Biharamunean [abenduak 27], ostera, Zornotzako pilota eskolako parte hartzaileek Iurretakoen aurka neurtu beharko dituzte indarrak, eguneko egitaraua zabalduz. Jarraian, Galdos eta Barinka kantxaratuko dira, emakumekoen gazte eta kadete mailan; Perez eta Zelaia izango dituzte arerio. Seniorren artean, berriz, Aldaik eta Mendizabalek Arrizabalaga eta Bergara izango dituzte aurrez aurre.
Federazio mailako gainontzeko finalerdiak abenduaren 29an eta 30ean jokatuko dituzte, bietan 18:00etan hasirik. 29an, Paraguayo VII.ak eta Goikoetxeak Baleztenaren eta Alberdiren kontra jokatuko dute kadete mailan; gazte kategorian, Egurrolak eta Urzelaik jokatuko dute, Ramirezen eta Ibarzabalen aurka; azkenik, Etxebarria eta Garmendia Albizuren eta Apeztegiaren kontra ariko dira, nagusi mailan. Abenduaren 30ean, Bengoetxea eta Ancizar ibiliko dira kadete mailan, Antimasberes eta Olanoren aurka; gazteen artean, Saez eta Segurola Sagastibeltzaren eta Okinenaren aurka; nagusiei dagokienez, Fernandezek eta Uriondok Enbeitaren eta Sotilen kontra jokatuko dute.
Finalak, urte barriagaz batera.
Urtarrilaren 3an, eskola adineko umeen topaketaren finala jokatuko dute. Ondoren, emakumekoen finalen txanda izango da: gazte, kadete eta seniorren. Hurrengo egunean [urtarrilak4], aldiz, gizonezkoak kantxaratuko dira, hurrenez hurren, kadeteak, gazteak eta seniorrak. Antolatzaileek herritarrei eta pilotazaleei frontoira bertaratzeko deia luzatu diete; hain zuzen, sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.