Abenduaren 28an egingo dute elkarretaratzea. Lekeitioko eragile sozial, kultural, sindikal, politiko eta kirol eta hezkuntzako kideez gain, herritar orori mobilizazioan parte hartzera deitu diete.
Elkartasuna Palestinarekin plataformak 10 orduko elkarretaratzea egingo du abenduaren 28an, Lekeitioko hainbat eragile eta talderekin bat eginda. Joan den domekan [abenduak 15] eragile talde ezberdinetako 60 pertsonek parte hartu zuten elkarretaratzearen aurkezpen ekitaldian.
Palestinan bizi duten egoeraren aurrean azpimarratu zuten “garrantzia berezia” hartzen duela Euskal Herritik ere “babes aktibo eta internazionalista” antolatzeak: “Gertatzen ari denaren kontzientzia izan, eta mezua ahalik eta leku gehienetan zabaltzeak garrantzia berezia hartzen du: ikastetxeetan, tabernetan, lagun artean, familian, kultur eta kirol elkarteetan…”. Hori da, hain zuzen ere, duela urtebetetik Lekeitioko Elkartasuna Palestinarekin taldea egiten saiatu dena.
Hari horri jarraituz, 10 orduko mobilizazioagaz ere Palestinaren aldeko mezua zabaldu nahi dute: “Hainbat eskaeren gainean herriaren parte hartzea bultzatzea da asmoa, bakoitzak bere eremuan bozgorailu lana egin eta mezua hedatzea”. Adierazi dutenez, mezu hori hainbat oinarritan sostengatu dute. Lehenik eta behin, Palestinaren “askatasun osoa” aldarrikatzen dute, “ibaitik itsasoraino”. Era berean, aintzat hartzen dute okupazioen eta erasoen aurrean Palestinak bere burua defendatzeko duen eskubidea, eta Palestinar Erresistentzia babesten dute.
Gaineratu dutenez, Palestinako Erresistentzia Bateratuaren eskaera nagusiekin ere bat egiten dute. Halaber, alde batetik, Israel burutzen ari den erasoaldi eta genozidioa “berehala” gelditzeko eskatzen dute. Era berean, palestinar preso politikoak askatu eta palestinar errefuxiatu politikoak euren aberrira itzuli ahal izatea ere eskatzen dute. Bestalde, Palestinaren okupazioarekin kolaboratzen duten enpresa eta erakundeen aurtako boikota, desinbertsioak eta zigorrak bultzatzea eskatzen dute. Azken eskaera bat ere egin zuten: “Azkenik, Israel deitzen dioten entitate sionista behingoz desegitea eskatzen dugu”.
Aldarrikapen horiekin bat egiten duten eragileekin banatuko dituzte elkarretaratzeko 10 orduetako txandak: “Eragile sozial, kultural, sindikal, politiko, kiroleko eta hezkuntzako kideak ordu bateko txandetan banatuko den 10 orduko mobilizazioan parte hartzera deitzen ditugu”. Era berean, aldarrikapenekin bat egin eta Palestinarekiko elkartasuna adierazi nahi duten herritarrei ere mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete, hobekien datorkien txandatan. Gaur gaurkoz, honela banatu dituzte txandak:
- 10:00. Pentsiodunak.
- 11:00. Kultur eragileak.
- 12:00. Eragile politikoak I.
- 13:00. Mugimendu feminista.
- 14:00. Eragile politikoak II.
- 15:00. Elkartasuna Palestinarekin taldea.
- 16:00. Kirolariak.
- 17:00. Herri eragileak.
- 18:00. Hezkuntza eragileak eta irakasleak.
- 19:00. Ikasleak.
- 20:00-20:15. Denak batera.
Egoera gogoratuz. Palestinako egoera gogora ekarriz hasi zuten 10 orduko elkarretaratzearen aurkezpena: “Israel entitate sionista Palestinan burutzen ari den genozidio eta sarraski terrorista amaitu beharra dago”. Genozidioa 76 urte daraman okupazio militar kolonialistaren ondorioa dela salatu zuten: “Palestina eta ingurua dituen herrialdeetan Israel Handia deritzon estatu koloniala eratzeko proiektua daukate, eta proiektu inperialista horren aurrean makurtzenko prest ez dauden herrien aurka gogor jotzeko prest daude indar sionistak. Hor kokatu behar dira Libano, Irak, Iran edo Yemenen aurkako eraso sistematikoak, edota aste honetan albiste izan dugun Siriaren kontrako eskuhartze militarra”.
Euren esanetan, proiektu horren lehen lerroan sionismoa dagoen arren, “begien bistakoa da”, atzean inperialismo kapitalistaren “interes zuzenak” daudela: “Gatazkaren sorburuan Frantzia eta Erresuma Batuko burgesien interesak baldin bazeuden, azken hamarkadetan, AEBk gidatutako bloke inperialistarenak hartu dute lekukoa. Are gehiago orain, mundu mailako hegemonia galtzen ari diren honetan”.
Elkartasuna Palestinarekin taldeko kideek azpimarratu nahi izan zuten mundu mailako gerra testuingurua dagoela: “Europako Batasunak zein Euskal Herria zapaltzen duten Frantziako eta Espainiako estatuek ere men egin diete, beste behin, AEBren eta NATOren aginduei. Espainiako Gobernuak hitz polit gutxi batzuekin eskuak garbitu bai, baina, era berean, sionismoarekin akordio politiko eta ekonomiko oro mantentzen ditu. Eta Frantziako Gobernuak Palestinaren aldeko elkartasun mobilizazio edo kolektiboak erasotzen jarraitzen du”. Era berean, salatu nahi izan zuten Euskal Herriko erakunde publikoek ez dituztela harremanak hautsi sionismoarekin, “eta horiekin kolaboratzen jarraitzen dute”.