Euskaraz sortzen duen herriaren literatur-ibilbideak
'Kalian gora, maria behera' proiektuan, Kirmen Uribek Bilbao-New York-Bilbao eleberrian oinarrituta sortu du bere ibilbidea eta Ana Urkizak, berriz, Ondarroako Piratak lanean oinarrituta.
Kalian gora, maria behera proiektua aurkeztu zuten atzo arratsaldean [abenduak 18]. Kirmen Uribe eta Ana Urkiza herriko idazleek euren lanetan oinarritutako literatur ibilbideak sortu dituzte, eta horien bidez, herria ezagutzeko aukera eskaintzen du proiektuak. Hurrengo ibilbideak, berriz, Mikel Etxaburuk eta Leire Bilbaok egingo dituzte. “Lehengo eta oraingo idazle ondarrutarrekin urtero bi ibilbide berri gehitzen joatea da asmoa”, azaldu du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak.
Nerea Gartzia aurkezle ondarrutarrak zuzendu zuen atzoko ekitaldia, eta bertan egon ziren, besteak beste, aipatutako lau udazleak, udal ordezkariak, Liburuen Amuak irakurle taldeko kideak, proiektu horren hasierako lantaldea osatu duten Inge eta Laia Revuelta eta Joxemari Urteaga eta beste hainbat gonbidatu eta herritar. Ondarroa “kresalez bustitako” herria dela eta herriko idazleak ez direla salbuespena gogoratu zuten: “Denetan igartzen da herri arrantzalea garela, eta hori erakutsi nahi diegu hurbiltzen diren guztiei”.
Lehen bi ibilbideak ezagutzera eman zituzten. Uribek Bilbao-New York-Bilbao eleberrian oinarrituta sortu du bere ibilbidea, eta Urkizak, berriz, Ondarroako Piratak lanean oinarrituta. Gainera, aurreratu dutenez, datozen egunetan bi idazleekin euren ibilbideak egiteko aukera emango dute.
Ibilbide bakoitzak sei geraleku ditu eta horien bidez, herriko kale, txoko eta istorioak ezagutzeko aukera dago. Geralekuetako QR kodeak eskaneatuz, idazleak berak leku horren eta bere nobelako pasarte baten artean egindako lotura ezagutuko dute herritarrek: “QR guztiek udalbarriak.eus webgunearen baitan dagoen atal berezi batera zuzenduko dute irakurlea”.
Alkateak esan bezala, proiektu horrek euskal kulturaren eta euskarazko sormenaren mapan “are garbiago” kokatzen du Ondarroa. Euskara sailetik bideratutako proiektu horren helburua da Ondarroako maila altuko euskal idazleak goraipatzea eta beraien sorkuntzaren bidez, euskara ardatz hartuta, herriaren ezagutza, literatura eta turismo jasangarria sustatzea da. “Euskaraz sortzen duen herri bat gara eta ondasun hori agerian utzi nahi dugu, bai herritarren aurrean eta bai bisitarien aurrean. Harro egoteko moduko herria eta herritarrak daude, eta proiektu honek aukerak zabaltzen ditu: tresna bat da, denon eskura dagoena eta literatur gosea daukan edozeinentzat da aproposa; ikastetxe, euskara ikasle, herritar, bisitari…”, nabarmendu du alkateak.
Proiektuaren izena. Ondarroako izaera, herri aldapatsua, itsasoa… ideia horiei bueltaka sortu zuten proiektuaren izena, eta kontatu dutenez, abesti bi aipatu zituzten: Kalian gora, kalian behera eta Itoizen Marea gora. Azken letra hori Jose Mari Argoitia ondarrutarrak idatzi zuen, eta joko horretatik abiatuta, eta Argoitiari omenalditxo bat eginez sortu zen proiektuaren izena. Bestalde, logoaren kolorearekin errekak eguraldi oneko egunetan izaten duen kolorea islatu nahi izan dute, “Artibai errekak markatzen baitu herri guztia zeharkatzen duen ibilbidea”.