Prest daude eskualdeko herriak San Tomas Egunerako
Ziortza-Bolibarren joan den astean hasitako jaien jarraipena ospatuko dute bihartik [abenduak 20] domekara [abenduak 22]. Lekeition eta Mutrikun azoka egongo da zapatuan [abenduak 21]. Ondarroan eta Munitibarren, ostera, talo jana egingo dute.
Negua hasteagaz batera heltzen da urtero San Tomas Eguna ere. Giro hotza egonagatik, herritarrek jai giro beroan pasatzen dute eguna, azoka, animalia eta talo artean. Ziortza-bolibartarrek joan den domekan [abenduak 15] eman zieten hasiera jaiari, eta asteburuan jarraituko dute. Jaira batuko dira, era berean, Lekeitio, Ondarroa, Munitibar eta Mutriku ere.
Ziortza-Bolibarren joan den domekan pilota partidak, Kanpape Jubilatuen elkarteak antolatutako bazkaria, eta Tio Teronen semeen emanaldia eduki zituzten. Bai pilota partidak ikusten eta baita eguneko gainontzeko ekintza guztietan ere, “giro ezin hobea” egon zen herrian: “Eguna oso ondo joan zen, jende pila bat ibili zen herrian. Pilota partidak ikustera jokalarien familia eta lagunak etorri ziren, eta jende pila bat elkartu ginen. Gainera, ostean jubilatuen bazkaria egon zen Kanpapen, eta hor ere pila bat jende elkartu ginen. Tio Teronen semeak ikuskizunak ere arrakasta izan zuen, eta jende asko egon ginen ikusten. Oso polita izan zen. Egun guztian sekulako giroa egon zen”.
Giro eder hari eusteko gogoz daude aste honetan ere ziortza-bolibartarrak. Etzi [abenduak 21] “egun nagusia” ospatuko dute. Antolatzaileek baserritar jantziak janzteko deia egin diete herritarrei “eguna girotzeko”. Hori horrela, baserritarrez jantzita, 14:30ean herri bazkarian elkartuko dira frontoian; urtero bezala, 100 lagunetik gora espero dituzte.
Bazkalostean, musikak hartuko ditu herriko txoko guztiak. 17:30ean Fan&Go taldearen erromeria hasiko da, eta 20:00etan egingo dute parodiaren ostean jarraituko dute. Parodia hura da, hain zuzen ere, San Tomas jaiei zentzua ematen diena: “San Tomas Eguna izaten zen baserritarrek euren baserri jabeei alokairua ordaintzeko momentua, eta eurek ekoitzitako produktuak ematen zizkieten. Horren parodia egiten dugu urtero, eta aurten ere egingo dugu”. Parodiaren ostean abestu egingo dute, eta egunagaz amaitzeko gaztaina jana egongo da.
Abenduaren 22an, aldiz, umeak izango dira protagonista. Mezaren ostean Zeargoi herriko umeen dantza taldeak emanaldia eskainiko du plazan. 17:00etan, ostera, Oier magoak Magic delivery ikuskizuna eskainiko du. Egunarekin eta jaiekin amaitzeko, txokolatada egongo da, guraso elkartearen ekimenez.
Lekeition eta Mutrikun azoka eta Ondarroan eta Munitibarre talo jana egingo dituzte.
Azokak, nonahi. Ziortza-Bolibarren jai bezala ospatzen duten arren, Lekeition eta Mutrikun ere ez dira atzean geratzen; bi herrietan zapatuan [abenduak 21] egingo dituzte ospakizuna. Lekeition, esaterako, tradizioari heldu eta aurtengoan ere hamaika postu, animalia eta ekintza egongo dira zapatuan 10:00etatik 14:30era herrian egiteko.
50 postu desberdinetatik gora egongo dira aurten. Ekoizle eta artisauei dagokienez, hainbat produktu eroango dituzte, besteak beste, ortuariak, barazkiak, frutak, gaztak, gozoak, txerrikiak eta ahatekiak. Animaliak ere ez dira faltako. Abeltzainek etxabereen erakusketa eskainiko dute: idiak, zaldiak, astoak, ardiak, txerriak, euskal oiloak, antzarrak eta untxiak ikusi ahalko dira. Horrez gain, herriko ikastetxe eta eragileen ere edukiko dute euren tokia azokan: talo eta txorizo postuak ipiniko dituzte. Aurtengoan, gainera, berezitasun bat ere egongo da azokan. Ardi Moztaileak taldea plazan egongo da, besteak beste, zuzenean ardiei ilea mozten.
Mutrikun ere gorriz markatutako eguna izaten da herritarrentzat Santo Tomas Eguneko azoka. Urtero bezala, aurten ere hiru gune egongo dira. Goiko Plazan ekoizle eta artisauen postuak egongo dira: 20 postu ipiniko dituzte, eta horietatik 15, mutrikuarrenak izango dira. Gozoak, esnekiak, olioa, txerrikiak, eztia, gazta eta mermeladak erosteko aukera egongo da. Artisauei dagokienez, besteak beste, eskulanak, egurlanak, poltsak, eguzkiloreak eta bitxiak erosi ahalko dira. Taloek ere, ez dute hutsik egiten Mutrikuko azokan, izan ere, urtero ilara luzeak egiten dira. Aurtengoan, berritasun modura, MUBAE Mutrikuko baserritarren elkarteak egingo ditu taloak.
Eliza inguruan, ostera, animaliak egongo dira. Ibiri baserria, Saka baserria, Idurre Lersundi eta Debako Errekalde izango dira animaliak eroateaz arduratuko direnak.
Herri kirolek, ostera, Beheko Plazan izango dute tokia, 12:30ean. Aratz Mugerza eta Xabier Zaldua ariko dira aizkoran, eta Maddi Gesalaga eta Paulo Azpiazu, aldiz, harri jasotzen.
Talo jana. Azokak nahibeste egongo diren arren, ospakizun xumeagoak ere egingo dituzte zenbait herritan. Herritik eta herriarentzako jaia ospatuko dute bai Ondarroan eta baita Munitibarren ere. Bietan eguneko produktu izarra dastatzeko aukera egongo da, taloa, hain zuzen ere. Ondarroan Egunsentia Kooperatibak eskainiko ditu taloak, 11:00etatik aurrera, Alde Zaharrean. Munitibarren, aldiz, Ezkur adinekoen elkarteak emango ditu taloak, iluntzean. Biak ala biak ere, zapatuan izango dira.
Egitarauak.
- Lekeitio
- Zapatua, abenduak 21
- 10:00-14:30. San Tomas azoka, plazan.
- 12:30. Musikaia musika eskolako trikiti eta pandero ikasleen kalejira.
- 13:30. Ortuari postu onenaren saria.
- Zapatua, abenduak 21
- Munitibar.
- Zapatua, abenduak 21
- Iluntzean. Talo jana, Ezkur adinekoen elkartearen eskutik.
- Zapatua, abenduak 21
- Mutriku.
- Zapatua, abenduak 21
- 10:00etatik aurrera. San Tomas azoka, Goiko plazan.
- 12:30. Herri kirolak, Beheko plazan.
- 13:00. Trikitixa taldearen kalejira.
- 22:30. MRK Gaua, MRK-ren eskutik, Gaztetxean.
- Zapatua, abenduak 21
- Ondarroa
- Zapatua, abenduak 21
- 11:00etatik aurrera. Talo jana, Egunsentia Kooperatibak antolatuta, Alde Zaharrean.
- Zapatua, abenduak 21
- Ziortza-Bolibar
- Barikua, abenduak 20
- 18:00. Talo jana, frontoian.
- Zapatua, abenduak 21
- 14:30. Herri bazkaria, frontoian.
- 17:30. Fan&Go taldearen erromeria.
- 20:00. Ugazabaren eta errenteroaren parodia.
- Ondoren. Gaztaina jana.
- Ostean. Fan&Go taldea.
- Domeka, abenduak 22
- Meza ostean. Herriko Zeargoi dantza taldea, plazan.
- 17:00. Oier Magoaren ikuskizuna.
- Ostean. Txokolatada.
- Barikua, abenduak 20