Martitzenean salatuko dute Barakaldoko hilketa matxista eskualdeko hainbat herritan
Biharko [urtarrilak 7] elkarretaratzeak deitu dituzte eskualdeko hainbat talde eta eragilek. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gaur [urtarrilak 6] espetxeratu dute barikuan [urtarrilak 3] ustez ama hil zuen 63 urteko gizona.
Lea-Artibai eta Mutrikuko zenbait talde feminista eta udalek Barakaldoko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte. Zehazki, Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan elkartuko dira. Lea-Artibaiko Itaiak, ostera, atzo [urtarrilak 5] egin zuen elkarretaratzea, Ondarroako Zubi Zaharrean. Era berean, Munitibarren ere elkarretaratzea egin dute gaur [urtarrilak 6], 13:30ean, herriko plazan.
- Lekeitio. Bihar [urtarrilak 7], 19:00etan, Eskolapean. Potxuak Martxanek deituta.
- Markina-Xemein. Bihar [urtarrilak 7], 20:00etan, Goiko Portalean. Markina-Xemeingo Mugimendu Feministak deituta.
- Ondarroa. Bihar [urtarrilak 7], 19:00, Alamedan. Ondarroako Udalak deituta.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gaur [urtarrilak 6] espetxeratu dute barikuan [urtarrilak 3] ustez ama hil zuen 63 urteko gizona. Barakaldon izan zen hilketa, bariku arratsaldez. Bizilagunek abisua igorri zioten Ertzaintzari, oihuak eta eztabaidak entzun ostean. Ertzaintza bertaratu zenean hilda ikusi zuten 84 urteko emakumea, gorpuan indarkeria zantzuekin. Poliziak ikerketa abiatu zuen, eta emakumearen semea atxilotu; atzo [urtarrilak 5] goizean deklaratu zuen semeak epaitegian, eta haren deklarazioa entzun ostean, epaileak espetxeratzeko agindu zuen.