Bigarrenez gailentzeko bidea hartuta
Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak 2 eta 0 irabazi dute Thomas Urrutiaren eta Thibault Basqueren kontra, Eusko Label Winter Seriesen finalerdien ligaxkako lehen partiduan.
Aritz Erkiaga ispastertarra eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarra iazko garaipena berresteko prest daude. Eusko Label Winter Seriesen zalantzaren bat edo beste erakutsita ere, txapelketa bigarrenez jarraian irabazteko hautagaitza plazaratu zuten atzo [urtarrilak 6], Thomas Urrutia donibanegaraztarraren eta Thibault Basque bidartarraren kontra 2 eta 0 gailenduta. Lea-Artibaiko bikotea ligaxkaren buruan ipini da, lau puntu patrikan dituela. Hori bai, finalaurreko ligaxkaren lehen norgehiagokan sufritzea egokitu zitzaien, Urrutiak eta Basquek osaturiko bikote gazteak gauzak asko zialdu zizkietelako. Hain zuzen ere, lehen seteko 13 eta 11kora eta bigarrenaren 12 eta 10ekora arte, Ipar Euskal Herriko puntistak aurretik aritu ziren. Edozelan ere, arrosek ederto neurtu zituzten hala indarrak, nola neurketaren denborak, eta une giltzarrietan nagusitasuna azaldu zuten. Nagusitasuna ez ezik, egoera gaitzak konpontzeko ziurtasuna ere bai.
Piloteo gogorragaz abiatu zuten norgehiagoka. Jokoa atzean kargatuta, etengabeko errebeskadek partidua oso fisiko bihurtu zuten; gainera, tentsioak eta urduritasunak akatsak egitera eroan zituzten bi bikoteak. Urrutiak eta Basquek Erkiaga jokoz kanpo uztea eta Ibarluzeari lana pilatuaraztea bilatu zuten. Tantoak joan, tantoak etorri, markagailuak ez zuen egin argiki bietako baten alde: zortzina, bederatzina edota hamarna joan ziren. Handik aurrera, Erkiagak huts pare bat egin zuen, baina bizkor etorri zen ispastertarraren erreakzioa: errebote eder bategaz 13 eta 13koa; zorte apur bategaz, 14. tantoa; txapa ginean moztuz, azken tantoa.
Thomas Urrutiak eta Mikel Mantzisidorrek Ludovic Ladutxeren eta Mikel Mantzisidorren kontra zirt edo zart egin beharko dute datorren astean
Aritz Erkiaga: “Partiduan ez naiz batere eroso aritu, eta konfiantza handirik gabe kantxaratu naiz hasieran”